Hitzarmen berrituaren helburura da adimen desgaitasuna, buru gaixotasuna eta beste desgaitasun larri batzuk dituztenei laguntzea, programa okupazionalak eta laneratze programak erabiliz.
Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek eta Gureak taldeko lehendakari Iñaki Alkortak sinatu dute hitzarmena.
Diputatuaren hitzetan, “integrazio sozial eta ekonomikorako, zerbitzu okupazionala eta enplegua erabakigarriak izaten dira pertsona guztien kasuan, baina kolektibo batzuek oztopo gehiago izaten dituzten bizitzaren alderdi horiek oso-osorik lantzeko. Desgaitasuna edo buru gaixotasuna dutenek osatzen dute kolektibo horietako bat. Ikusirik bizi dugun egoeraren gordintasuna, ekonomia eta balioak krisi larrian daudenez, beharturik gaude gehiago ahalegintzera, pertsona horien gizarteratzea lortzeko. Bide horretan, jarduera okupazionalaren eta enpleguaren ahalmen integratzailea ezin da zalantzan jarri. Horregatik bada, pertsona desgaituen parte-hartze tasak gora egin dezan, politika jakin batzuk erabaki behar ditugu halabeharrez Gipuzkoan, testuinguru ekonomiko negatiboko garai hauetan batez ere”.
Helburu horien lorpenean aurrera egiteko moduetako bat da okupazioaren aldeko ekintzak abian jartzea Gureak taldearen eta antzeko toki erakunderen bidez. Egun, 4.000 pertsona baino gehiago dira Gureak taldeko kide direnak, hau da, Gipuzkoako biztanleria aktiboaren %1 baino gehiago, eta pertsona desgaituei urtean egiten zaizkien kontratuen %80 baino gehiago erakunde horrek egiten ditu.
Hitzarmen honi esker, desgaituentzako 980 plaza finantzatuko ditu Foru Aldundiak, eta Gureak taldeak bermatzen du gutxienez beste 50 laguni egingo diela lekua bere programa okupazionaletan.