Bidegiko Administrazio Kontseiluak onartu egin du 25 euroren proposamena

Goiatz Arana Begiristain 2012ko uztailaren 25a

Atzo, martitzena, eraman zuen Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatu eta Bidegiko zuzendariak gipuzkoarrek herrialdeko autopistetan hilean 25 euro baino gehiago ez ordaintzeko proposamena Bidegiko Administrazio Kontseilura. Arratsaldean bertan egindako bileran, Aldundiko ordezkariek, Bildukoek, EAJkoek, PSE-EEkoek eta Aralarrekoek aldeko botoa eman zuten eta PP abstenitu egin zen. Beraz, proposamena onartu egin zuen Administrazio Kontseiluak. 

Orain Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegitura Departamentuak foru arau bat prestatuko du eta Batzar Nagusietara eramango du irailean. Izan ere, errepideen finantziazioarekin lotutako arauak Batzar Nagusiek onartu behar dituzte. Batzar Nagusiek "gipuzkoar batzuek jasaten duten egoera bidegabea arintzeko araua" onartzen badute, Gipuzkoako Foru Aldundiak espero du 2013 hasieran proposamena martxan jartzea.

Gipuzkoarrek herrialdeko autopistetan hilean 25 euro baino gehiago ordain ez dezaten egindako proposamena da, alegia, gehienezko gastua mugatzeko proposamena. Gaur egungo deskontu politika bere horretan mantenduko litzateke eta, horrez gain, gehienezko gastu muga ezarriko litzateke, betiere deskontudun Via-T gailua dutenentzat. Deskontudun Via-T lortzeko bete beharreko baldintza bakarrak dira Gipuzkoan erroldatuta egotea eta Ogasunarekin egunean egotea.

Neurriak Gipuzkoako 28.000 familiarengan izango du eragina, eta hainbat kasutan 700 euro baino gehiagoko aurrezkia suposatuko du proposamen berriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak