Ogasun eta Finantza Departamentuak jakinarazi du foru dekretua prestatzen dabilela, jarduera profesionalen etekinek PFEZean izango dituzten atxikipen tasak handiagoak izan daitezen.
2012ko irailaren 1etik 2013ko abenduaren 31ra arte, oro har, %21 atxikitu edo erretenituko zaie profesionalei bere jardueran lortutako etekinetatik. Jarduera profesionala hasten denean eta beste kasu berezi batzuetan, %7tik %9ra pasatuko da tasa.
Foru Aldundiaren asmoa da 2013ko abenduaren 31n berriz jaistea atxikipen tasa orokorra: %21etik %19ra jaitsiko duela jakinarazi du. Jarduera profesionala hasterakoan eta beste kasu berezi batzuetan ordaindu beharreko zergak %9koa izaten jarraituko du.
Agindua betetzeko dekretua
Espainiako Gobernuak hilaren 14an sartu zuen indarrean zerga-igoera hori. "Kontuan izanik Ekonomia Itunak 8.1 artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoa, alegia, foru lurraldeek lurralde erkidean ezarritako atxikipen tasa berberak aplikatu behar dituztela jarduera ekonomikoetarako, gutxi barru Gipuzkoako Foru Aldundiak foru dekretu bat onartuko du Ekonomia Itunean agindutakoa betetzeko", esaten du Foru Aldundiak.