"Aurrekontuetan, zerga politikan, funtzionarioen lan baldintzetan, merkataritzan… Espainiako Gobernua bere erabakiak inposatzen ari da, Estatu osoa errealitate bakar gisa hartzen du eta ,ondorioz, Euskal Herriaren berezitasunak eta egoera propioa ez ditu kontuan hartzen", ahaldun nagusiaren esanetan.
Gaineratu du ikuspegi "zentralista" horrek gure ekonomian eta herri honen etorkizunean eragin "kaltegarria" izango lukeela, eta "bidegabekeria hori gelditzeko" premiazkoa dela "herri gisa" erabakiak hartzen hastea: "Salbuespen egoera honi irtenbidea emateko ezinbestekoa da alderdien interesak albo batera uztea eta adostasun zabalak bilatzea. Bide horretan gure konpromisoa sendoa da. Eta urratsak emango ditugu fiskalitate eta aurrekontu politika propioa mantentzeko".
"Minimoetako" ongizate estatu bat izatera "kondenatu" nahi gaituzte, Martin Garitanok dioenez: " Aurrekontu Egonkortasun Legearen aplikazioak oso muga zorrotzak ezartzen dizkigu euskal erakundeoi gure aurrekontuak diseinatzeko eta kudeatzeko. Defizitari eta zor publikoaren murrizketei dagokienez, ezartzen zaizkigun obligazioak izugarri baldintzatuko lukete hurrengo urte hauetan izango dugun gastu ahalmena. Epe laburrean, ekonomia suspertzeko, sektore publikotik egin ahal izango dugun ekarpena nabarmen mugatuko litzateke. Eta ez hori bakarrik, sektore publikoaren garapena bera ere kolokan jarriko litzateke, eredu ekonomiko desberdin bat bultzatzeko aukerak ia desagerrarazteraino".
Adostasunetarako deia
Testuinguru horretan, maila askotan akordio orokorrak lortzea "ezinbestekoa" dela adierazi du, eta jardunerako funtsezko tresnen inguruan adostasunetara iristea erakundeei dagokiela gaineratu: " Gipuzkoako Foru Aldundiak dei egiten die Hego Euskal Herriko gainerako erakundeei (Bizkaiko eta Arabako aldundiak, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua), denon artean, egoeraren diagnostikoa egiteko, herri gisa erantzuna emateko eta gure errealitatearen arabera jarduteko. Aurrekontuak definitzeko eskumenen defentsan, adostu dezagun, Estatuak inposatu nahi dizkigun estutasunetatik kanpo, erabaki eta erritmo propioak diseinatzeko modua".