Burtsan eragiteko ohiko modua epe luzera da; hau da, akzioak erosterakoan, denbora-epe luze baten buruan saltzeko asmoarekin da.
Epe laburrera eragitearen helburua da irabaziak azkar lortzea. Horretarako, irabaziak lortu nahi dituen horrek -brokerrak, gehienetan- Burtsako akzioak dituen bati akzio horiek maileguan hartzen dizkio. Aukeratzen dituen akzioek epe laburrera gutxiago balioko duten aurreikuspena du brokerrak. Akzioak saldu egiten ditu segidan, eta gutxiago balio duten momentuan erosi egiten ditu. Horrela, adibidez, 100 balio duen akzioa saltzen badu eta 80 balio duenean erosi, %20 irabazi du.
Merkatuko eskaintza eta eskaeraren arauan oinarritzen da eragiketa mota hori, akzioaren prezioak txikitu egingo direla aurreikusteko. Horretarako, akzio asko eskaini behar dira balore-merkatuan.
Prezio desegonkorrak
Ez dago frogatuta epe laburreko eragiketek burtsan, orokorrean, eraginik dutenik, nahiz eta batzuek dioten burtsak behera egitea eragiten dutela. Frogatuta badagoena hauxe da: prezioak desegonkortu egiten dituela, oso denbora laburretan gora eta behera egiten dutelako.
Xavier Sala i Marti ekonomialariaren iritziz, dirua irabazteko, akzioak saldu eta epe laburrera, berriz erosi egin behar ditu brokerrak; eta, gaur akzioak modu masiboan saltzeak prezioa jaustea ekarri badu, etorkizunean demanda handitzeak kontrako eragina izan beharko luke.
Bestela uste du Jesus Perez IFTAko ikertzaileak. Onartu egiten du Burtsa ez dela hondoratzen galeren alde apustu egiten duten brokerren erruz, baina honakoa ohartarazten du: "Oso teorikoa da burtsak enpresaren balio hutsa islatzen duela pentsatzea". Eta hauxe gaineratzen du: "Enpresak burtsan duen kotizazioak enpresari berari eragin diezaioke", haren sinesgarritasuna eta irudia kaltetuz.