Asteleheneko Goiena paperean duela aste gutxi aitortu zuen Beñat Arnaitzek aurtengo denboraldia izango dela duatloi eta triatloietan serio ibiliko den azkena. Gainera, Lagunak taldea utzi eta Antxintxikara itzuliko da, etxeko taldera. Beste lehentasun batzuk izan nahi ditu. Hala onartzen ez badu ere azken lau urte hauek elitean eman ditu, edo elitekoengandik oso gertu, eta lehia-gosea apur bat asetuta –lehia atsegin duenak, bere mailan, lehiakor izaten jarraituko du– lasterketez maila apalagoan gozatu nahi du. Nahi hori betetzeko bete-betean asmatuko du etxeko taldera itzulita, taldekide baino lagun artera.
Debagoienean aspaldian izan dugun triatleta onenetakoak Zufiako lasterketan gozatu zuen, ostera ere, helmugan besoak jasotzearen momentuaz. Domekan izan zen, 7,5 kilometro korrika egin zuen proban, eta gainontzeko 20ak mendiko bizikletan. Ez da, bada, gehien entrenatzen duen modalitatea, baina gaitasuna duenak ia denean ematen du neurria. Hori bai, mendiko bizikletako tartean lehenagotik zeukan abantaila galdu zuen, eta korrikako azken tramuan, bi kilometro eta erdikoan, errekuperatu zuen lehenengo postua. Besoak altxa eta momentuaz gozatu. Datorren urtean, esandakoa betetzen badu, zailagoa izango da-eta.