Ekintzaileendako mikro-maileguak emango ditu Europak

Leire Kortabarria 2012ko uztailaren 24a

Europako ekintzaile gazteendako mikro-maileguak emango ditu Europako Batasunak, Progress Microfinance programaren bitartez. 170 milioi euro ditu mailegutan banatzeko eta datozen hiru urteotan banatuko ditu.

Europako exekutiboak azaldu duenez, batasunetik fondoak edo bermeak jaso dituzten 20 bat Europako mikro-mailegu erakunderen bidez jaso ahal izango dira mailegu horiek; hain zuzen, banku publiko zein pribatuak, eta estatu baten, eskualde baten edo herri baten diharduten mailegu-erakundeak.

"Ohiko bideetatik" maileguak lortzeko arazoak dituzten "mikro-ekintzaileei" zuzenduta daude maileguak; esaterako, ohiko banku-mailegua jasotzeko behar adinako aktiboak edo dirua ez duten gazteei.

"Enplegua sortzen du"

Laszlo Andor Europako Enplegu eta Gizarte Gaietako komisarioak esan duenez, tresna horrek "argi eta garbi" erakutsi du eragingarria dela, mikro-maileguak eman zein jasotzen dituztenendako. Gainera, "enplegua sortzeko" duten balioa azpimarratu zuen, eta "giza-inbertsiorako tresna garrantzitsu" hori etorkizunean ere erabiltzearen alde agertu zen. Hain zuzen, 2014-2020 urte arteko aldian ere martxan jarrai dezan nahi du Europako Batasunak.

Progress Microfinance Facility delako programa Europako Batzordeak eta Europako Inbertsio Bankuak sortu zuten 2010ean, Europako Inbertsio Funtsak hobetsitako mikro-maileguen hornitzaileak zuzenean finantzatzeko.

Gehienez, 25.000 euroko maileguak ematen ditu, eta Europako 46.000 bat ekintzaile lagundu nahi ditu. Denetara, 500 milioi euroko mailegu-bolumena mugitzeko gai da programa hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak