Patxi Lopez Lehendakariak, Carlos Urquijo Gobernuaren Euskadiko ordezkariarekin eta Iñaki Arriola Garraioko sailburuarekin batera, Hernialde-Zizurkil tartean lehenengo harria jartzeko ekitaldian parte hartu zuen atzo, astelehena, Villabonan. Lan horiek hasita, Eusko Jaurlaritzak euskal Y-aren Gipuzkoako adarrean garatutako tarte guztiak eraikitze-fasean edo amaituta daude; 59,1 kilometro eraikitze-fasean daude, baina Donostiarako eta Irunerako behin betiko sarbideak eta Frantziarekiko lotura finkatzea falta da oraindik.
Gaur egun, Bergara-Bergara, Bergara-Antzuola, Antzuola-Ezkio Itsaso Mendebaldea, Antzuola-Ezkio Itsaso Ekialdea, Ezkio Itsaso, Ezkio-Beasain, Beasain Mendebaldea, Legorreta, Tolosa, Tolosa-Hernialde, Hernialde-Zizurkil, Zizurkil-Andoain, Andoain-Urnieta, Urnieta-Hernani eta Hernani-Astigarraga tarteak eraikitzen ari dira. Duela gutxi Beasain ekialdea eta Ordizia-Itsasondo tarteetako lanak bukatu dira.
"XXI. mendeko azpiegitura garrantzitsuena"
Lehendakariak bere gobernuak "XXI. mendeko azpiegitura garrantzitsuenaren, hots, Euskadi Europarekin eta Espainiako gainerako herrialdeekin modu seguruan, arinean eta ingurumenarekiko errespetuari lehentasuna emanez, lotuko duen azpiegituraren alde hartutako konpromisoa eta hari emandako bultzada" nabarmendu ditu.
Lehendakariaren iritziz, "Euskal Y-a aberastasuna sortzen eta sare ekonomikoa dinamizatzen lagunduko duen bitartekoa da, zuzeneko eta zeharkako enplegua sortuz, bai trenbide-sare hori egiten den bitartean, baita hura martxan jartzen denean ere".