Rodriguezek argitu du Gipuzkoak 230 milioi euro bideratzen dituela urtean mendekotasun eta desgaitasun arretarako zerbitzuak eskaintzeko, eta horietatik 29 Madrilgo Gobernuak jartzen dituela. PPren kontraerreforma honen ondorioz, Gipuzkoak urtean 10 milioi euro inguruko diru sarrerak galduko dituela kalkulatu du Foru Aldundiak.
Onartutako legearen aldaketa nagusiak eta Aldundiaren jarrera
Murrizketa:
- Egungo prestazioen kantitatea %15 jaistea eta sartzen diren berriei, %30.
- Foru Aldundiak ez du aplikatuko. Inguruneko Zainketarako Laguntza jasotzen duten 10.495 pertsonarengan izango luke eragina.
Bateraezintasuna:
- Bateraezintzat jo prestazioak eta bestelako zerbitzuen erabilera, Eguneko Zentro edo Etxerako Arreta Zerbitzua kasu.
- Foru Aldundiak ez du aplikatuko, mendekotasun eta desgaitasun arretarako politika garrantzitsuenei "kalte" egiten dielako, alegia, pertsona inguruan mantentzeari.
Beste atzerapen bat:
- 2015eko uztailaren 1era arte atzeratzea I. Graduko 2. mailan baloratutako pertsonak sisteman sartzea.
- Diputazioak ez du aplikatuko. Gipuzkoan mendekotasun arinekoak sisteman sartzen joan dira Madrilek eskubide hori bertan behera utzi zuen arren otsailean. Egun, 1.500 pertsona daude egoera horretan.
Gizarte Segurantza:
- Mendeko senideren bat zaindu eta mendekotasun prestazioa beste diru sarrerarik ez duten pertsonei kotizazioa ordaintzeari utziko dio Espainiako estatuak irailaren 1etik aurrera.
- Aldundiak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio, bere enplegu erakundearen bidez, Gizarte Segurantza ordaintzeko senideak zaintzen dituzten pertsonei. Gipuzkoan bakarrik 3.300 pertsona izango lirateke neurri horren onuradun.
Eragina emakumeengan
Azkenik, kontraerreforma honek ikuspegi feministatik izango dituen ondorioak salatu ditu Gizarte Politikako diputatuak: "Onartezina da krisiaren gaineko diagnosiek emakumeek pairatzen duten prekarietate, zapalkuntza eta mendekotasunaren aurrean ageri duten itsukeria, eta nola diagnosi horien arabera hartzen diren neurriek ez duten emakumeen gaineko eragina ez aztertzen ez eta lehenesten ere".