Gure udalak industrialdeen fusioen aurka

Goiatz Arana Begiristain 2012ko uztailaren 23a

Debagoieneko Industrialdea S.A.ko kide diren bost udalek (Arrasate, Oñati, Bergara, Eskoriatza eta Aretxabaleta) ez dute onartzen, "inolaz ere", Eusko Jaurlaritzak Sprilurren bitartez martxan jarri duen industriguneen fusio programa. Salatu dute ez dietela informaziorik eman, ez operazio horren helburu zehatzei buruz ezta etorkizunean gauzatzeko proiektuen gainean ere. Bategite honek Debagoieneko industri garapena "nabarmen kaltetuko" du, euren esanetan.

Debagoieneko Industrialdea S.A.ko kide diren bost udalek (Arrasate, Oñati, Bergara, Eskoriatza eta Aretxabaleta) diote "inposatu" egin dietela programa hau eta "gure eskualdeko industrialdeen etorkizunean izugarrizko kalteak" sor ditzakeela.  Eta gaineratu dute "PSE-EEren interes politiko eta elektoralek bultzatutako operazioa dela esatera ere ausartu" daitezkeela.

Hasierako helburuak baztertu eta "partidu interesak" defendatu nahi izatea egotzi diete bultzatzaileei: "Sprilur sozietatea eskualdeko egitura industrial berriak sustatzeko sortu zen. Horretarako, eskualdeko udalok, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Sprilurrek sozietate merkantila eratu genuen. Egun, baina, Sprilurreko ordezkariak bestelako helburu batzuk bultzatu nahian dabiltza".

Debagoieneko Industrialdea S.A.ko kide diren Debagoieneko udalen ustez, "eskualde perspektiba baztertu eta interes bereziko jo dituzten egitasmo jakin batzuk bultzatu nahi dituzte eta, horretarako, gure sozietatearen kapitala baliatu nahi dute". Horretarako, absortzio bidezko fusioa erabili nahi dutela diote, Debababeheko Industrialdea S.A.k Debagoienekoa absorbituz, "nahiz eta gure eskualdeko sozietatea handiagoa izan".

Prentsa ohar bidez jakinarazitakoaren arabera, Debagoieneko udalek martxoan jakin zuten fusio hau egiteko asmoa zegoela, eta salatu dute Sprilurrek ez diela oraindik operazio honen helburu zehatzei buruzko informaziorik eman, ezta etorkizunean heldu beharreko proiektuen gainekorik ere, behin eta berriz eskatu arren.

"Gastuen aurrezpena baino zerbait gehiago"

Operazio hau gastuen aurrezpena "aitzakia hartuta" aurkeztu dutela diote, baina ez dela hori euren asmo bakarra: "Sozietate publikoetan, oro har, kostuak %20 murriztu nahi direla esanez aurkeztu dute operazio hau. Baina Debagoieneko Industrialdea S.A.n langile gutxi dago eta, gainera, kudeaketa Debabeheko Industrialdea sozietatearekin partekatzen du. Honen adibide da gerente bakarra dagoela bi industrialdeetarako. Beraz, kostuak murrizteak bakarrik ez du justifikatzen fusioa. Argi dago bestelako interes batzuengatik eman dela urrats hau".

Horrekin batera, kritikatu dute Sprilurrek Gipuzkoan "industrialde berriak sortzeko asmoa" duela, "bertan enpresa berriak ezartzeko": "Gure ustez, ez dira gauza berriak sortzeko garaiak, honez gero eraikita ditugun industrialdeak egungo egoerara egokitzekoak baizik. Debagoienean, adibidez, baditugu enpresak kokatzeko egokituta dauden hainbat bulego eta partzela, gaur egun hutsik daudenak: Labegaraieta Bergaran, Markulete Arrasaten edo Torrebaso Eskoriatzan".

Krisira eraman gaituzten errezetak errepikatu beharrean, estrategia berriak topatzeko beharrean gaudela gaineratu, eta salatu dute "guztiz bestela" jokatu dutela Eusko Jaurlaritzako arduradun politikoek: "Jasaten ari garen krisi ekonomiko larriak bide berriak jorratzea eskatzen du. Ezinbestean, ildo estrategiko berriak definitzea eskatzen du. Horretarako, behar-beharrezkoa da ditugun industrialdeen bilakaera zein izan den aztertzea eta diagnostiko txukuna egitea. Hartara, benetan dauden beharren jabe izango gara. Baina Eusko Jaurlaritzako arduradun politikoek nahiago izan dute krisi ekonomikora eraman gaituzten errezetetan jaustea: Industrialde berriak urbanizatzeko egitasmoan –obra publikoan, alegia- izugarrizko dirutzak inbertitzeko prest daude beharrik badagoen edo ez jakin gabe. Bitartean, eskualdean dagoeneko eraikita eta berrikuntza beharrean dauden zaharkitutako industrialdeei laguntzeko eta lehiakor bihurtzeko egitasmo bakar bat bultzatzeko ez dira gai". 

"Kutsu elektoral garbia duen iruzurra"

"Hauteskundeen markoan" ulertzen dute Debagoieneko udalek bategite prozesua: "PSE-EEk ez du ezer egin azkeneko hiru urteetan. Eusko Jaurlaritzako hauteskundeak hurbiltzen ari direnez, zerbait saldu beharra dauka. Krisi ekonomikoari aurre hartzeko egitasmoak martxan dituela justifikatu nahi du. Horretarako, industrialdeetako kapitalak batu eta bere interesekoak diren zenbait egitasmotara bideratu nahi ditu. Noski, beste eskualdeen kontura. Horixe da guk sufritu beharko duguna".

"Indarrez hartutako erabakia"

Erabakia "kontsentsurako inolako saiakerarik egin gabe" hartu dela salatu dute: "Gipuzkoako Foru Aldundia eta kide garen udalak ez gaituzte kontutan hartu. Gure iritziei ez diete kasurik egin. Desadostasuna agertu dugun bakoitzean axolagabetasuna azaldu eta, edonola ere, fusioa egingo zutela adierazi izan digute. Horretarako sozietatean duten %51z baliatu dira. Beraz, azaldu gura izan ez dituzten egitasmo batzuk aurrera atera ahal izateko, gure eskualdeari fusio hau inposatuko zaio". 

"Atzera bueltarik gabeko urratsa"

Ondorioak "oso kaltegarriak" izango direlakoan daude: "Nahiz eta operazioak koiunturala dirudien, ondorioak latzak izan daitezke sozietatearentzat. Eskualdeko perspektiba galtzeak norabiderik gabe utzi dezake sozietate berria. Eta hori eskualdeko ekimen publikoko industrialdeen amaiera izan daiteke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak