Prest, adi… klik!

Leire Kortabarria 2012ko uztailaren 25a

Debagoieneko argazkizaleak has daitezke dagoeneko udan ateratako argazkiak lehiaketara aurkezten. Izan ere, Goienak 8. urtez jarraian deitu du Udako Argazkien Goiena Lehiaketa. Kontsolidatua dago debagoiendarren artean, urterik urte parte hartzen duen jende kopuruak adierazten duen moduan.

Iaz 157 lagun aurkeztu ziren, 2010ean baino 20 gehiago; bestalde, parte-hartzaile bakoitzak gehienez bost argazki bidal ditzake, eta iazkoek 538 bidali zituzten denetara, azken urteetako kopuru handiena.

Goienaren lehiaketan denetariko argazkiek dute lekua. Izan ere, helburuetako bat da, hain justu, herritarren, zaleen argazkiak erakustea eta saritzea. Baldintza nagusia eta ezinbestekoa hauxe da: argazkiak udan ateratakoak izan daitezela. Edozein urtekoek balio dute.

Sare sozialen bitartez

Aurten, parte hartzea inoiz baino samurragoa izango da: sare sozialen bidez, hain zuzen ere.

Twitterren, @udakoargazkiak helbideari aipamena bidal dezake norberak bere argazkia edo argazkiak. Irudia deskribatu behar da, labur. 

Facebooken profila dauka lehiaketak: http://www.facebook.com/UdakoArgazkiak. Orri horren horman argazkia ipini dezake gura duenak, argazkiaren deskribapenarekin. 

Twitter eta Facebook bidez aurkezten diren argazkiak lehiaketako blogean (http://goiena.net/blogak/argazkiak) agertuko dira, baina daukaten kalitatearen arabera argitaratuko dira Goiena paperean. Sari nagusirako berdin-berdin hartuko dira kontuan.

Bestalde, parte hartzeko ohiko moduak daude: argazkiak eta datu guztiak posta elektronikoz argazkiak@goiena.com helbidera bidaltzea edo Goienaren egoitzetara eroatea.

Irakurleendako ere, saria 

Beste berritasun nagusia da Goienaren jarraitzaile guztiek, ez bakarrik argazkiak bidaltzen dituztenek, izan ditzaketela sariak. Izan ere, herritarrek botoa eman ahal izango diote gustukoen duten argazkiari. Horretarako, http://goiena.net/blogak/argazkiak blogera jo behar da. Botoa ematen duten guztien artean, Arrasateko Karibu dendak emandako munduko kafeen otzara zozketatuko du Goienak.

Lehenengo aldiz, herritarrek aukeratutako argazkiaren saria emango du, beraz, aurten Goienak: bi lagunendako spa zirkuitua eta asteburuko menua Debako Aisia hotelean. 

Profesionalen antzera 

Epaimahaiak bere iritziz hiru argazki onenak direnak aukeratuko ditu, eta honako sariak emango ditu Goienak. Argazki onenaren egileak Canon EOS 1100 D reflex argazki-kamera digitala jasoko du, KB Photoestudio argazkilaritza-dendak emanda. KB Photoestudioko Bibi Anduezak honela diosku: "Argazki kreatiboak egiteko kamera trinkoek baino askoz aukera gehiago ematen ditu kamera horrek: eskuz aldatu daitezke ezarpenak, adibidez. Bestalde, argazkiak .rau dokumentu gisa gordetzeko aukera ematen du, .jpg formatuaz gain; eta dokumentu mota horrek gero argazkia manipulatzeko eta aldatzeko aukera handiak ematen ditu". Anduezak dio .rau artxiboak "batez ere, profesionalek" erabiltzen dituztela; bada, kamera horrekin, argazkizaleek ere profesionalek modura jokatu ahal izango dute.

Andueza urtero izan da epaimahaiko kide, eta, bere iritziz, Debagoieneko argazkizaleak "badira kreatiboak; bai, horixe! Batez ere gazteak oso argazki politak egiteko gai dira; batzuk, beharbada ikasi egin dutelako, eta beste batzuk, ohituta daudelako. Baliabide tekniko oso aurreratuak izan ez arren, telefono mugikor batekin ere sormen handiko argazkiak ateratzen dituzte".

Boladan dauden herrialdeak 

Zazpi urtean, argazki asko ailegatu dira Udako Argazkien Goiena Lehiaketara. Horren arabera, debagoiendarren udako sasoiaren argazkia ere atera daiteke.

Hala, urtero-urtero ilunabarraren argazki asko jasotzen dira; horren barruan, munduko hainbat lekutan ateratakoak, kolore askotarikoak…

Euskal Herriko eta Europako leku askotan ateratako argazki mordoxka ere bidaltzen ditu jendeak lehiaketara. Beste kontinente batzuetakoak, gutxiago; baina, iaz, Asia hego-ekialdeko herrialdeak boladan zeuden, eta hango argazki dezente bidali zuen jendeak sariketara.

Urtero bidaiatzeko boladan dagoen herrialdeko argazki asko agertzea da beste berezitasun bat. Aurten, bidaia-agentzien esanetan, Polonia dago boladan.

-----------------

Sariak

1. saria: Canon EOS 1100 D reflex argazki-kamera digitala, 18-55 mm-ko objektiboarekin. Bergarako KB Photoestudio argazki-dendak ematen du saria. Eskuz zein modu automatikoan erabil daiteke eta argazki profesionalak ateratzeko balio du. Aproposa, beraz, hasi berriendako zein argazkilaritza ikasi dutenendako.

2. saria: Epaimahaiaren iritziz bigarren argazki onena egin duen parte-hartzaileak Kantabrian bi lagunendako aste bukaera bateko egonaldia jasoko du sari gisa. Kostaldeko herri baten izaten da egonaldia.

3. saria: Leintz Gatzagako Gure Ametsa jatetxean bi lagunendako bazkari edo afari ederraz gozatzeko aukera izango du 3. saridunak. Jatetxe horren ikurra betiko euskal gastronomia da, ukitu moderno eta berritzaileekin.

Herritarren aukera: aurten lehenengo aldiz emango da Goienaren jarraitzaileen saria. Herritarrek botoz aukeratzen duten argazkiak honako saria izango du: bi lagunendako spa zirkuitua eta aste bukaerako menua Debako Aisia Deba hotelean. Hotel horrek erlaxaziorako 1.200 m2-ko talasoterapia zentroa dauka.

Boto-emaileendako: aurtengo beste sari berria hauxe da: http://goiena.net/blogak/argazkiak blogean argazkiren bati botoa ematen dioten guztien artean munduko askotariko kafeen otzara zozketatuko du Goienak. Oparia Arrasateko Iturriotz kaleko Karibu dendak ematen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak