1. 'Aizpea, nahi duzu telebista saio bat aurkeztu?'. Erantzuna berehalakoa izan al zen?
Bai. Casting bidez izan zen eta esan zidatenean berehala esan nuen baietz. Ez neukan horrelakorik eginda eta zergatik ez saiatu, probatu eta ikasi? Ateak ezin dira ezeri itxi.
2. Hainbeste sukaldaritza saioren artean, zerk egiten du berezi zurea?
Ilusio gehien egiten didana da sukaldaritzako euskarazko lehenengotako saioa dela. Aurkezlea emakumea izateak ere puntu ezberdina ematen dio, baita errezetek ere.
3. Emakume bat etxeko sukaldean ez da deigarria; emakume bat telebistako sukaldean bai. Justua da?
Topikoak dira, errealitatean ez da hainbesterako. Sukaldean ez ditut bereizten gizon eta emakumeak; espero dut jendeari berdin gertatzea. Berdintasunaren aldekooi arraroa egitea ilogikoa iruditzen zait.
4.Nabaritu al duzue jatetxean telebistan agertzen zarela?
Pila bat; probintziatik jendea etortzen hasi da, baita ezagutzen ez zuten donostiarrak ere. Jendeak kalean esaten dit etxean nire errezetak egiten dituela eta hori da nahi genuena.
5. Zeure jatetxea ireki aurretik, irakasle eta lanleku asko izandakoa zara. Beharrezkoa den ibilbidea?
Egun naizen pertsona izateko, bai. Momentuan ikastea bakarrik nahi nuen eta ez nintzen ondorioez konturatzen. Niretzat altxorra da hori guztia; denek eman didate zerbait.
6. Zuen jatetxean bezeroak espiatzeko leihotxo bat omen duzue...
Sukalde irekia gura genuen, beirate handi batekin, baina ez genien bezeroei transmititu nahi sukaldeko tentsioa. Hala, leihotxo bat egin genuen; bertatik sari onena ikusten dugu: jendeak jatean gehienetan jartzen duen plazer aurpegia.
7. Zer ez zaizu faltako sukaldean?
Barazkiak. Asko landu genituen, esaterako, Extremaduran geundenean: gure baratza ere bagenuen bertan. Baita Michel Brasekin ere: loreak eta mendiko belarrak erabiltzen zituen. Azkenean, hori guztia barruan geratzen zaizu.
8. Lagunak ausartzen al dira zu etxera afaltzera gonbidatzen?
Ez naiz bat ere exigentea, nire lagunak ni baino gehiago dira. Jatetxeren baten bagaude eta ez badaude janarekin gustura, ni beti saiatzen naiz beste ikuspuntu bat ematen.
9. Eta afaltzera gonbidatzekotan, zerekin ez genuke hutsik egingo?
Konpainia onean, edozer gauza izugarria egiten da. Produktua ona izatea ezinbestekoa da eta gustatzen zait zebitzariek-eta irribarre batekin lan egitea. Jateko zer? Txipiroiak, barrukiak... Baina benetan, dena gustatzen zait, arazo bat da!
10. Sukaldetik at, non aurkituko zaitugu zure saltsan?
Musikan; saiatuko naiz Jazzaldiko kontzerturen batera joaten. Dantzan ere bai: sabel-dantza, Bollywoodekoa...
-----------------
Makila magikoa baneuka: "Badakit oso tipikoa dela, baina jendeak lana aurkitzea eskatuko nuke eta posible izatea bizitza ondo joatea. Nire ustez egoera ekonomikoa konpontzea da urgenteena. Horretarako errezeta magikorik? Egoera latza izan arren, daukagun gutxiarekin zoriontsu izaten saiatzea".