Irailaren 1a baino lehen kontsumitu arren, baliteke BEZ handiagoa ordaintzea

Leire Kortabarria 2012ko uztailaren 20a

Irailaren 1a baino lehenago egiten diren gastu guztiak ez dira oraingo BEZarekin ordainduko:  uztailean eta abuztuan kontsumitzen den argindarra, ura, telekomunikazioa eta gasa BEZ handituarekin kobratuko dira. Hori horrela da BEZ zerga ordaintzeko Espainian dagoen sistemarengatik.

Ordaintzeko obligazioa sortzen den momentuan ordaintzen da BEZa, BEZaren Legearen 75. artikuluak dioenez eta Facua kontsumitzaileen elkarteak salatzen duenez. Esandako zerbitzuen zergak irailean sortzen direnez, BEZ handitua aplikatuko zaie, eta ez oraingoa.

Elektraindarrak, gasak eta telekomunikazioek %21eko BEZa izango dute. Uraren BEZa %8tik %10era pasatu da. Ura tarifikatzeko hainbat modu daudenez, baliteke kasu batzuetan hiru hilabeteko kontsumoari aplikatzea %21eko BEZa, nahiz eta kontsumo hori irailaren 1a baino lehenagokoa izan.

Facuak ohartarazten duenez eta bere azterketa baten arabera, argindarraren faktura 79,66 eurokoa izango da, batez beste, irailean. Hala, 10 urtean, oraingo gobernuak eta aurrekoek eten barik egindako igoeren ondorioz, argindarra %86 garestiago ordaintzen dela salatu du Facuak.

Dagokion herrialdeko zerga

Erosketak aurreratuta BEZean aurreztu gura dutenek beste zenbait kontu izan behar dituzte gogoan. Esate baterako, beste herrialde baten erosiz gero, nahiz eta erosketa hemendik egin, Internetez edo telefonoz, herrialde hartako BEZa edo antzeko zerga ezartzen zaio produktu edo zerbitzu horri.

Bestalde, ordaintzeko betebeharra diruz ordaindu eta gero sortzen den produktu eta zerbitzu gehiago dago. Legeak zehazten duenez, estatuak BEZa kobratzen du enpresak produktu edo zerbitzua saldu eta dagokion faktura egiten duenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak