Aretxabaletako Belar-Meta arropa-dendako ugazaba Idoia Elexpuruk dioenez, "beste garestitze" horren aurrean "inork ez du protestatu oraindik", izan ere, bere ustetan, "ohitu egin gara" horrelako neurrietara.
Arrasateko Ibai-Arte merkatari elkarteko partaide Jesus Mari Elkororen esanetan, "murrizketa guztiek bezala, ondorioak izango ditu, eta onak ez dira izango. Norberak ikusi beharko du ze erosketa hobetsi beste batzuen gainetik. Baina, azken finean, kontsumoan igarriko da".
Bi merkatari horien iritzia eta itxaropena da herriko komertzioan aparteko eraginik ez izatea. Elkororen hitzetan, "kontsumo osoari egingo dio kalte" BEZ handitzeak, eta, gauza askotan, "igarri ere ez da egingo", jendearen premien arabera.
Oñatiko Maibi ehungintza-dendako ugazaba Argiloain Perosterenak esaten du BEZa handitzea ekintzaile izateko beste traba bat dela: "Denda asko itxi dira, eta ez dakit inor animatuko den bat irekitzera".
Ostalaritza, kategoria berean
Dena ez da proportzio berean garestituko. Hiru BEZ mota daude: supermurriztua (%4), murriztua (%8tik %10era pasako dena) eta orokorra, beste bi kategorietan sartzen ez den denerako (%18tik %21era pasatuko dena). Garestitze dramatikoena kategoria baxuetatik altuagoetara pasa dituzten produktu eta zerbitzuek izango dute: besteak beste, zinema eta antzerkiko sarrerak, graduatutako betaurreko eta lentillak eta hileta zerbitzuak tipo murriztutik orokorrera pasa dira. Hala, gaur egungo BEZarekin 200 euro kostatzen diren betaurreko batzuei %21eko BEZa gehituta, 222,64 euroko salneurria dugu; hori, inongo borobiltzerik gabe.
Kultura emanaldietako sarrerak zinema eta antzoki komertzialetan bakarrik garestituko dira. Hala, Debagoieneko udalek antolatzen dituzten emanaldiek ez dute BEZik; beraz, lehengo salneurria izango dute. Zinema komertzialean izango duten salneurri larria ikusita, ziur jende asko herrian geratuko dela filma ikustera: BEZa eta gero gaur egun 6 euro ordaintzen dugun sarrera, BEZ berriarekin –eta borobiltzerik gabe, matematika soila eginda–, 6,67 euro kostatuko litzaiguke.
Ostalaritza beldur zen BEZ kategoria aldatuko ote zioten. Azkenean, ez da hala izan eta %10a tributatuko dute tabernek, jatetxeek... Bestalde, alkoholdun edariek eta tabakoak tipo orokorra dute (%21).
Loreak %8ko BEZarekin ordaintzen ditugu gaur egun, eta %21arekin ordainduko ditugu irailetik aurrera. Oñatiko Bellotza lore-dendako Aitor Ugartek dio sektore horretako komertzialak "askoz gehiago fakturatzen" dabiltzala, garestitze izugarri horri aurrea hartu nahian. Baina, bere iritziz, "erosketa gehiago egote hori ez da errealista" eta, azken baten, loreak hazten eta saltzen dituzten enpresa askok ixtea ekarriko du. Harridura ere agertzen du Ugartek: "Horrelako neurri batzuen aurrean ere, oso protesta gutxi, oso mugimendu txikia ikusten da. Ez dakit ezkutuko ekonomia handia ote dagoen, edo jendea ahaztu egiten den..."
Erregaiak, 3 puntu garestiago
Jende gehiena oporren atarian dagoen honetan, gogoratu behar da bidaiatzea garestiagoa izango dela. Izan ere, garraio-zerbitzuak, berez, 2 puntu bakarrik garestitzen dira (%8tik %10era pasatzen da bere BEZa), baina erregaiak, 3 puntu (%18tik %21era). Hala, berunik bako gasolina litroa 2 eta 3 zentimo artean garestituko da. Horri gehitu dakioke Ogasun Ministerioak aukeren artean ikusten duela ingurumen tasa ezartzea erregaiei, zentimo berdea delakoa. Momentu honetan, ohiko ibilgailu baten depositua betetzea 72 eta 77 euro artean kostatzen da. Garraiolari autonomoen Hiru sindikatuak salatu duenez, "BEZaren igoera eta Hidrokarburoen Zergaren igoerak Hego Euskal Herrian jarduera ekonomikoa eta industriala betiko geldituko dute, maila handi batean esportazioan oinarriturik dagoelako".
Bidaia-zerbitzuei eurei dagokienez, CECCU kontsumitzaile elkartearen arabera, urtean lehen baino 70 euro gehiago ordaindu beharko du familia batek bidaiatan. Dena dela, horrek garraioaren garestitzea hartzen du soilik kontuan, ez beste garestitze mota batzuk: adibidez, aireportuetako tasak uztailaren 1ean garestitu ziren.
Gazte gutxiago ile-apaindegian
Ile-apaindegiek eta edertasun zerbitzuek %8ko BEZa izan dute orain arte, eta Gobernuak jakinarazi du BEZ orokorra (%21) izango dutela aurrerantzean, baina zehaztu du kate bateko establezimenduei bakarrik eragingo diela. Ile-apaindegia du Bergaran Mirentxu Zubizarretak, eta honakoa esan digu: "Aurten, behintzat, ez ditugu prezioak handituko; hortik aurrera, ikusi egin behar".
Ile-apaindegira joateko ohitura handia dago oraindik ere Debagoienean, baina horretan ere igarri da gastatzeko beldurra: "Jende gaztea, lehen, adibidez, hilean behin zetorrena, orain hilabete eta erdian behin-edo dator. 40-50 urte arteko emakumeak ere gutxiago datoz. Etxean konpontzen dute ilea eta zerbitzu gutxiago eskatzen dituzte ile-apaindegian".
Aurreratu ezineko erosketak
Merezi ote du zenbait produktu irailaren 1a baino lehen erostea edo kontratatzea? Oro har, oso zaila da BEZ murriztua duten produktuak aldez aurretik erostea edo oso sarri ez erostea: adibidez, hegaldia edo autobusean bidaia; botikak; edo erregimen supermurriztuan ez dauden elikagai guztiak. Nekez aurreratu edo saihestu daitezke ere telefonoko edo Interneteko gastuak, %21eko BEZa izango dutenak; Espainiako Estatistika Erakundearen arabera, urtero 926 euro gastatu beharrean, 950 bat gastatuko ditu, batez beste, familia batek. Elektraindarraren BEZa ere %18tik %21era pasatzen da.
Salbuespen handia etxebizitza da. %4ko BEZa izatetik, %10ekoa izatera pasatuko da obra berriko etxebizitza erostea. Babes ofizialeko etxebizitzek %4ko BEZarekin jarraituko dute, eta bigarren eskuko etxebizitzen salerosketak ez du BEZik izango. Horrez gain, kontuan hartu behar dira bi gauza: batetik, urtarrilaren 1ean izango dela BEZaren garestitzea, kasu horretan; eta, bestetik, 2013an etxea erosten dutenek ez dutela orain arte egon den desgrabazioa izango –bai, ordea, urtarrilaren 1a baino lehen erosten dutenek. Deba Garaia inmobiliariako Jesus Markaideren iritziz, neurri horiek etxebizitzen prezioak merkeagoak izatea eragingo du; eta, bestalde, azken urteotan areagotzen joan den alokairurako joera are gehiago handituko du.
%4, %10 eta %21%4BEZ supermurriztua ez da aldatzen. Premiazko produktuek soilik dute: esnea eta esnekiak, ogia eta berau egiteko zerealak, botikak, arrautzak, liburuak, aldizkariak... %10BEZ murriztua. 2 puntu handitu da: garraio-txartelak, ordenagailuak, ostalaritza eta hotelak, konpresak eta tanpoiak, etxebizitza (lehen BEZ supermurriztua zuen), betaurreko eta lentilla graduatuak. %21Beste bi kategorietan ez dagoen dena: zinemako sarrerak (lehen, %8), kateetako ile-apaindegiak (lehen, BEZ murriztua, %8), lore-dendak (lehen, BEZ murriztua, %8), hileta-zerbitzu enpresak (lehen, BEZ murriztua), arropa eta zapatak, altzariak, telefonoa eta Internet, higiene produktuak, liburu elektronikoak eta automobilak. |