Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoa bihar batzartuko da, eta han egingo du eskaera Gemma Zabaleta sailburuak.
Sailburuak aldundiei eskatuko die Mendekotasunari buruzko Legearen erreforma ez aplikatzea eta erakunde guztiek (Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta udalak) Gizarte Zerbitzuen Euskal Legearen proiektuarekin aurrera jarraitzea. Lege horretan, zorroa (herritarrek eskubide duten prestazio guztiak jasotzen ditu), etxeko laguntzari buruzko dekretua, eta baterako ordainketa (zerbitzu jakin batzuk jasotzen dituzten herritarrek ordaindu behar duten zatia jasotzen duen dekretu bat) biltzen dira. Sailaren helburua da euskal prestazioen zorroan Mendekotasunari buruz jatorrizko Legearekin lotutako prestazioak mantentzea, hau da, erreformaren aurrekoak, eta honako hauek dira:
1. Mendekotasunari buruzko Legearen jatorrizko egutegia errespetatzea. Onartutako erreformak neurrizko mendekoen sarrera 2015eko uztailaren 1era arte eteten du, eta zegokionean, aldiz, neurrizko mendekoek 2012ra arte sartzen jarraituko zutela adierazten zen. Eusko Jaurlaritzak aldundiei proposatu die jatorrizko egutegiari eustea eta neurrizko mendekoak sisteman sartzea onartzen jarraitzea.
2. Bateragarritasun-erregimena mantentzea. Etxeko zaintzaileentzako laguntza ekonomikoak bateragarriak izatea kanpoko zerbitzuekiko, hala nola eguneko zentroekiko, edo etxeko laguntza-zerbitzuarekiko. Erreformak bateraezintzat jotzen ditu. Bateragarritasunak ezabatzeak zerbitzuen arteko osagarritasuna eragotziko du, baita mendekoek behar duten arreta pertsonalizatua eta malgutasuna ere. Adibidez, gerta liteke pertsona bat eguneko zentro batean sartzea eta bertara joateko aukerarik ez izatea altxatzeko edo garbitzeko etxeko laguntzarik ez izateagatik.
3. Aukeratzeko gaitasunari mugarik ez. Jaurlaritzaren iritziz, Mendekotasunari buruzko legearen erreformak mendeko pertsonen hautatzeko gaitasuna mugatzen du familia-zainketen prestazio ekonomikoaren kasuan, beste zerbitzu batzuetara bideratzeko aukera izanik.
4. Prestazio ekonomikoen zenbatekoari eustea. Familia-inguruko zaintzaileen prestazio ekonomikoen zenbatekoan erreformak onartutako % 15eko murrizketaren aurka dago Eusko Jaurlaritza. Neurri horren aurka, sailak egungo babes-mailei eustea proposatu die aldundiei. Estatuak erreforma horrekin familia-zainketak penalizatzen ditu, Euskadik proposatzen duen ereduaren aurrean, non zerbitzuak etxean ematearen aldeko apustua egiten den, kanpoko zerbitzuen profesionalizatzearekin batera.
5. Bi urteko atzerapena prestazioa jasotzeko. Mendekotasunari buruzko Legeak bi urteko etete-epea sortu du familia-inguruko zainketengatiko laguntza ekonomikoek izan dezaketen atzeraeraginean, dagokion pertsonak eskubideak sorrarazten dituenetik. Hau da, eskabidea aurkezten duen pertsona batek, II. eta III. mailako mendekotasuna badu,
eta familia-inguruko zainketengatiko prestazio ekonomikoa agintzen bazaio, bi urte eta erdi itxaron dezake dirua jaso arte.
6. Baterako ordainketa. Erreformak erabiltzaileen ekarpenak handitu ditu zerbitzuak ordaintzeko, eta mendeko pertsonen ondasunean eragina izango du, ohiko etxebizitzaren zenbaketa txertatzen baita. Neurri horren aurka, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Gizarte Zerbitzuen Legean gaur egun finkatutako irizpideei eustea proposatuko die aldundiei.
Bestetik, Eusko Jaurlaritza Mendekotasunari buruzko Legearen aldaketa jasotzen duen Gizarte Segurantzarekiko hitzarmenari eustearen aldekoa da.
Euskal Herrian, gaur egun, Gizarte Segurantzan kotizatzen duten 10.000 ahaide zaintzaile inguru daude, eta Ministroen Kontseiluak gaur onartutako erreforma aplikatzen bada kotizatzeari utziko diote.