Aloñako harrobiko igerilariak, Espainiakoetara

Xabier Urtzelai 2012ko uztailaren 19a

Aloña Mendiko igeriketa sailekoek egunero egiten duten lanak fruituak ematen dabil. Batetik, Jon Muxika igerilari bergararrak zilarrezko domina jantzi zuen joan den asteburuan Sevillan egin zituzten junior mailako Espainiako Txapelketetan. Ez du atsedenik izango, hurrengo hitzordua Terrassan izango duelako, udako Espainiako Txapelketan. Baina ez da hitzordu horretarako gutxieneko markak dituen igerilari bakarra, maila absolutuan lehiatuko den Ane Sanz de Galdeano eta Xabier Urbina infantila ere txapelketan izango direlako.

Jon Muxikak 100 bizkarreko proban 1:00:41-eko marka egin zuen, eta zilarrezko domina irabazi. Distantzia horretan lehiatzearekin batera bergararrak 200 metro bizkarreko proban ere esku hartu zuen, baina epaileek lasterketatik kanpo utzi zuten, itzuli baten ostean ur azpian 15 metro baino gehiago egiteagatik.

Hala, bistakoa da Bergarako muxikatar anaiak sasoiko dabiltzala. Orain arte Jonen anaia Mikel Muxika nabarmendu da –aurten 23 urtez azpikoetan Euskal Herriko triatloi txapeldun izan da– Eta orain Jon da albiste, uretako lanean nabarmenduta. Sevillako hitzorduaren ostean, oraingoz, Jonek ez du atsedenik hartuko, hurrengo hitzordua Terrassan (Katalunia) egingo duten udako Espainiako Txapelketan izango duelako. Bergarakoarekin batera lehiatuko dira, baita ere, Aloña Mendiren beste bi harribitxi, Ane Sanz de Galdeano maila absolutuan –oso kontrario gogorrak izango ditu, sailkatze hutsa lorpen handia da–, eta kategoria txikietan Xabier Urbina.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak