Fafi barrutian, Dadaab errefuxiatu eremua dago, eta orain Somaliako biztanle gehiago ezin ditu hartu, Afrikako Adarrean dagoen krisi humanitarioaren ondorioz. Hori gestionatzeko moduan hutsuneak daude, alarma-sistemarekin eta diagnostikoak egitearekin lotuta.
DYA Gipuzkoak aurkeztu duen proiektuaren helburua zona hartako errefuxiatuentzako kanpamentuen inguruan "modu ez erregularrean" dagoen jendearen elikadura eta osasuna hobetzea da. Horretarako, mediku laguntza mugikorra, elikadura osagarriak eta babes eta higienerako oinarrizko kit-ak eskainiko dizkiete. Horrela nabarmendu du Arantzazu Santosek, Aldundiko Lankidetza zuzendariak.
Era berean, Gizarte Politikako Departamentuak "argi utzi" nahi du berriro ere Afrikako Adarrean 10 milioi pertsona baino gehiago jasaten ari diren elikagaien krisia ez dela halabeharrezko gertaera bat, baizik eta "gosetearen benetako arrazoiak arrazoi politikoak direla". “Munduko Bankuak, Nazioarteko Diru Funtsak eta iparraldeko herrialdeen esku sartze politikoak bultzatutako globalizazio neoliberalak Somalia huts egindako estatu bilakatu du, bere biztanleriaren elikadura eta gutxieneko segurtasun baldintzak bermatzeko gai ez den estatu”, azaldu du zuzendariak.