Jaurlaritza eta Gipuzkoako Aldundia Espainiak iragarritako neurrien kontra

Goiatz Arana Begiristain 2012ko uztailaren 18a

Rajoyren murrizketen aurka azaldu dira bi erakundeak, baita Bizkaiko Foru Aldundia ere, eta batera erantzuteko deia egin dute; krisiaren irtenbidea erakundeen arteko itun baten bidez has daitekeela uste dute Aldiz, Arabak "beharrezkotzat" jo ditu neurriak.

Patxi Lopez Lehendakaria Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak krisi ekonomikoari aurre egiteko onartu dituen neurrien kontra agertu da, ez direlako atzeralditik atera eta hazkundea lortzeko tresnak, bere esanetan.

Hala ere, Lehendakariak aurreratu du ezarri egin beharko dituztela funtzionarioentzako murrizketak: funtzionarioek nahi dutenean har ditzaketen opor egunak seitik hirura murriztea, antzinakotasunagatik dituzten jaiak desagertzea eta Eguberrietako saria kentzea; azken neurri horrekin lotuta, gainera, baldintza berri bat iragarri zuen atzo Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak Senatuan: 962 euro baino gutxiago kobratzen dutenek saria jasoko dute.

Azaldu duenez, Espainiako Gobernuak "oinarrizko lege" gisa onartu ditu murrizketak, eta erkidegoak horiek ezartzera "behartuta" daude. Dena den, "behar beste helegite" aurkeztuko dituela iragarri du eta Jaurlaritzaren "marra gorriak" zeintzuk izango diren aurreratu: "Jaurlaritzaren eskumenak urratzen badira helegitea aurkeztuko dugu, eta hitz ematen dugu Hezkuntzan, Osasunean eta gehien behar dutenen laguntzetan ez dugula murrizketarik egingo. Horiek izango dira Jaurlaritzaren marra gorriak". Ildo horretatik, Patxi Lopezek "gogor" kritikatu ditu neurriak, "gehien behar dutenak" kaltetuko dituelako eta, horren aurrean, berretsi du "ahulenei laguntzeko prest" egoten jarraituko dutela eurek.

Batasunerako deia

Lehendakariak batasunerako deia egin du "desadostasunak ahaztu" eta "administrazioen arteko gerrak" amaitzeko garaia del esanez. Lau zutaberen gainean adostasuna lortzeko deia egin die herritarrei eta administrazioei: autogobernuaren defentsan, zerbitzu publikoetan, ekonomiaren berpizkundean eta itun fiskala lortzean. "Hiru lurralde gara, baina herrialde bakarra, eta horrela jokatu behar dugu", adierazi du.

Gainera, "erresistentzia" egiteko eta zerbitzuak "ez murrizteko" deia egin die aldundiei.

Erantzun "irmoa" proposatu Garitanok

Mariano Rajoyren Gobernuak adostutako murrizketei "herri mailako erantzun irmoa ematea" proposatu die Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak ere Jaurlaritzari eta aldundiei, eta baita Nafarroako Gobernuari ere.

Garitanok esan du Gipuzkoako Foru Aldundiak Espainiako Gobernuak iragarritako murrizketen aurka egingo duela. Bere hitzetan, murrizketek ez dute erkidegoko "egoera ekonomikoa hobetuko". Rajoyren neurriak "bidegabeak" eta "alferrikakoak" izango direla gaineratu du. 

ELA eta LAB greba orokorraren aukera aztertzen

ELA eta LAB sindikatuek "gatazka eta konfrontazioarekin" jarraituko dute Mariano Rajoyk aurkeztu berri dituen neurriei erantzuteko. Atzo, martitzena, bi sindikatuak elkarrekin mobilizatu ziren beste hainbat eragile sindikal eta sozialekin batera –ikus Arrasaten egindako protesta–, eta Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak ohartarazi zuen ez direla azken mobilizazioak izango, "jasotako erasoaren araberako erantzuna" emango dutela gaineratuz. Ez zuten argi utzi greba orokorrerako deirik egingo ote duten; "datozen egunetan" emango dituzte argibide gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak