Gipuzkoako Ogasunak aurreikusitakoa baino 11 milioi euro gehiago jaso ditu

Ander Monedero 2012ko uztailaren 17a

Gipuzkoako Ogasunak 2011ko Errenta eta Ondare kanpainaren emaitzak bikaintzat jo ditu.  Izan ere, Errenta kanpainan aurreikusitakoa baino 11 milioi euro gehiago jaso ditu eta Ondare kanpainan, berriz, beste 6.5 milioi gehiago. Zerga bilketaren emaitzak atzo aurkeztu zituen Helena Francok Gipuzkoako Ogasun eta Finantza Diputatuak Xabier Olano Ogasun zuzendariarekin laguntzarekin. Francok gipuzkoarrek ogasunarekiko betebeharrak zintzo bete dituztela esan zuen.

2011. urteko zerga bilketa Gipuzkoako Ogasunak espero zuena baino hobeagoa izan da. Izan ere, Errenta kanpainan aurreikusitakoa baino 11 milioi euro gehiago jaso ditu eta Ondare kanpainan beste 6,5 milioi gehiago. Helena Franco Ogasun eta Finantza Diputatuak eta Xabier Olano Ogasun Zuzendariak atzo plazaratu zituzten 2011ko Errenta eta Ondare kanpainaren emaitzak, eta gipuzkoarrek egindako ahaleginarengatik eta ogasunarekiko betebeharrak zintzo bete izanagatik zoriondu zituen Francok.

Xabier Olanok 2011ko datuen balantzea egin eta autolikidazio proposamenak inoiz baino altuagoak izan direla nabarmendu zuen. Ogasunak bidalitako proposamenen %87,5ak zergapekoen onarpena izan du. 2011ko Errenta kanpainan 393.405 aitorpen aurkeztu dira eta horietako %79,05ari dirua itzuli die.

Gipuzkoako Ogasunak Errenta Kanpainan zergadunei 351.000.000 itzultzea espero zuen, baina azkenean 341.982.327 euro itzuli behar izan ditu. Ordaintzeko emaitza izan duten aitorpenekin 131.000.000 euro jasotzea aurreikusi zuen eta baina, azkenean, 133.134.254 euro jaso ditu. Beraz, kanpainaren saldoa espero baino hobea izan da Ogasunarentzat: aurreikustakoa baino 11 milioi gehiago.

2011an Errenta aitorpenean Gipuzkoako Ogasunak Ondare zerga berreskuratu du eta neurri onekin Ogasunak 29.000.000 euro batzea aurreikusi zuen, baina kanpainaren ostean 35.503.502 euro jaso ditu. Ondarearen gaineko zergak egoera ekonomiko honetan Foru Aldundiari baliabide kopurua igotzeko balio izan diola eta gehiago daukatenei ekarpen handiagoa exijitu behar zaiela adierazi zuen Francok

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak