Belaunaldi gazteen artean gero eta handiagoa da euskararen ezagutza; heren bat bakarrik dira elebakarrak. Duela 20 urte, 16 eta 24 urte arteko gazteen %24 inguru ziren elebidunak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta gaur, %60 dira. Baina erabilera ez da neurri berean igo; duela 20 urteko gazteek baino gutxiago erabiltzen dute euskara gaurko gazteek, bi arrazoi nagusirengatik: ama hizkuntza erdara izatea eta gune erdaldunetan bizi izatea; kasu horietan, euskaraz jarduteko zailtasun gehiago dituzte. Ondorioz, maila apalagoa da eta ez dute erabilerarako jauzirik ematen, errazen moldatzen garen hizkuntzan egiteko joera izan ohi dugulako.
Eskolan egindako lana osatzearen garrantzia
Hezkuntzan lan handia egiten da, 16 eta 24 urte arteko gazte elebidunen erdiek eskolan edo euskaltegian ikasi dute euskara, baina ez da nahikoa; ez bederen erabilera igotzeko, emaitzak ikusita ondorioztatu daitekeenez. Aisia, kirola, hedabideak, teknologia berriak… horiekin guztiekin osatu behar da eskolan egindako lana; eta bereziki garrantzitsua da familia, etxeko hizkuntza.
Bilakaera motela
Herritarren %16,1ek erabiltzen dute euskara erdara bezainbeste edo gehiago. Beste modu batean esanda: %84k erdaraz egiten dute gehienetan, eta %70ek beti. Datu hori bera ez da kezkagarria, ordea, Bergarako Udaleko Euskara teknikari Estepan Plazaolaren ustez, azken urteetako bilakaera motela baizik.
Debagoieneko egoera
Bergarako edo Aretxabaletako egoera soziolinguistikoa eta Euskal Herrikoa ez dira berdinak, gurean handiagoak direlako gaitasuna eta erabilera, baina Eusko Jaurlaritzaren inkesta soziolinguistikoan ageri diren zantzu batzuk ematen dira gurean ere, gazteen erabileraren apaltzea, esaterako.
Zer egin
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lourdes Auzmendik datuon aurkezpenean esan zuen "inposaketarik gabe eta elkarlanaren bidez euskara berreskuratzen jarraitu" behar dugula. Bergarako Udaleko Euskara teknikariak nahiago du inposaketa hitza ez aipatzea euskarari buruz ari garenean.
Euskarari prestigioa eman behar diogula dio Aretxabaletako Loramendi elkarteko Josu Retolazak. Horregatik, euskaraz bizitzera animatzeko dei egin du.