2001ko Ondare eta Errneta kanpainek oso emaitza onak utzi dituzte, Helena Franco Ogasun eta Finantza diputatuaren eta Xabier Olano Ogasuneko zuzendariaren arabera. Espero baino emaitza hobea lortu du Gipuzkoako Ogasunak. “Errenta eta Ondare kanpaina bikaina izan da. Gipuzkoar guztiak zoriondu behar ditugu beren betebeharrak zintzo bete dituztelako”, adierazi du Xabier Olanok.
Aurreikusitakoa baino gehiago
Helena Franco Ogasun eta Finantza diputatuaren esanetan, Ondare zerga berreskuratzeak emaitza onak ekarri ditu. Aurreikuspenak gainditu egin dira. 2011ko Ondare Kanpainaren bidez, 35.503.502 euro jaso ditu Gipuzkoako Ogasunak (29.000.000 aurreikusten zen).
Zerga hori berreskuratzean, Gipuzkoako Foru Aldundiak izan duen lidergoa eta aitzindaritza nabarmendu ditu Helena Francok. “Denak oraindik zalantzan zeudenean guk aurrera egin genuen Ondare Zergaren berreskurapena gauzatzeko”. Zentzu horretan, Gipuzkoak Bizkaia eta Araba erakarri zituen zerga hori berrezartzera. Lehen, ordea, kontrakoa gertatu zen: Arabak eta Bizkaiak 2007an kendu zuten Ondare Zerga eta haiek eraginda Gipuzkoak gauza bera egin zuen 2008an.
“Oso neurri egokia izan da zalantzarik gabe. Horri esker koiuntura zail honetan baliabide kopurua igo ahal izan da. Eta, gainera, kasu honetan, ahalegin gehigarri hori benetan berau egiteko baldintzetan dauden pertsonen gain ezarri da”, azaldu du Ogasuneko diputatuak. “Argi eta garbi kokatzen da neurri hau foru gobernu honek administrazio publikoetako kontuak kokatzeko bidean hasieratik defenditu duen eta markatu duen ildoarekin: bat dator. Zergen bidezko diru-sarrerak igo behar dira, baina bereziki gehiago daukatenei ekarpen handiagoa exijitu behar zaie. Beraz, guretzako pozgarria da gure ildo honetan aurrerapauso inportanteak eman dituela Ondare Zergak”.
“Irailean aurkeztuko dugu jabetzaren gaineko zerga berria, Fortuna Handien gaineko Zerga berria, aldaketak ekarriko dituena, helburu jakin batekin: zergadunek beren benetako aberastasunaren arabera tributa dezatela”, iragarri du.
2011ko Errenta Kanpaina
Xabier Olanok 2011ko Errenta Kanpainaren balantzea egin du. Errenta kanpainan autolikidazio proposamenak inoiz baino altuagoak izan dira. Bidalitako proposamenen %87,5 onartu dira. “Inoiz baino likidazio gehiago onartu da”, adierazi du Xabier Olanok.
393.405 aitorpen aurkeztu dira, inoiz baino gehiago. Aitorpen gehientsuenei, ohikoa den moduan, Ogasunak dirua itzuli egin behar izan die (310.997 aitorpen, %79,05). Ordaindu behar izan duten zergapekoak, berriz, 82.428 izan dira (%20,95).
Gipuzkoako Ogasunak zergadunei 351.000.000 itzultzea espero zuen Errenta Kanpainan, baina azkenean 341.982.327 euro itzuli behar izan ditu. Ordaintzeko emaitza izan duten aitorpenak (133.134.254) aurreikusitakoak baino gehiago izan dira (131.000.000). Beraz, kanpainaren saldoa espero baino askoz hobea izan da Ogasunarentzat: aurreikustakoa baino zena baino 11 milioi euroko emaitza hobea jaso du.
“Emaitzak, esan bezala, bikainak dira. Eskerrak eman behar dizkiegu beren betebeharrak bete dituzten herritar guztiei eta kanpaina honetan lan egin duten langile guztiei”, adierazi du Olanok. “Batzuek zioten ez genekiela gestioa egiten. Hauxe da gestioa, hortxe daude emaitzak. Eta bakoitzak nahi dituen balorazioak egin ditzala”, esan du.