1. Zarauztarra eta surflaria. Esnea eta zuria esatea bezala al da hori?
Tankerako zer edo zer! Nahiko herri surferoa bilakatu gara: kokapen geografikoagatik badirudi itsasoak bitan banatzen duela herria. Kalera, enkargutara... Beti itsasoari begira goaz.
2. Lehen txapelketan 13 urterekin hartu zenuen parte.
Egun, 8 urtetik behera ere buru-belarri dabiltza. Aurretik paipoan nenbilen, baita patinetan Karlos lagunarekin ere. Hark animatuta surfa probatu, eta surfagatik utzi nituen paipoa eta patinak.
3. Ordutik, zenbat denbora egon zara gehienez itsasoan sartu gabe?
Lesioengatik izan da, betiere: hezurrak hautsi izan ditudanean, hilabete eta erdi, asko jota. Medikuak gomendatu baino lehen ere bai!
4. Itsasoak zer ematen dizu, bada?
Lehorrak ematen ez didana: bakea eta harmonia itsasaldi handiek ematen didate. Alde batetik, uretan jende asko ibiliko ez dela ziurtatuta dagoelako, eta bestetik, nire pasioa delako: irrika biziaz egoten naiz itsasaldi preziatu eta egoskorren zain.
5. Euskal surflari errekonozituenetakoa zara. Zelan dago maila hemen?
Oso ondo; hainbat belaunaldi nor bere esparruan buru-belarri arituta, nazioartean hainbat emaitza lortu dira. Barneratuta dago Euskal Herrian diziplina ezberdinetan eskarmentu handiko jendea dagoela.
6. Imajinatzen duzu zeure burua trajea jantzita bulegoan lanean?
Ezta zoratuta ere! Nahiko ipurterrea naiz: tokatzen zait paper eta ordenagailuekin ibiltzea, baina kontsumitzen nau, ez naiz errealizatuta sentitzen. Lehenago amaituko dut obran edo tailerrean; baina batek daki...
7. Bulegari ez, baina maisu bai, daukazun surf eskolan. Nolatan?
Ikasitakoa gainerako belaunaldiei helarazi nahi nien, surfaren xarma erakutsi. Lehiatzea norbera hobetzeko bide bat da, ez bakarra. Helburua da norbera gehien betetzen duena topatzea, ez profesionalizazioa.
8. Nola bururatzen zaizkizu Axin ostiyak tarteko horko zorakeriak?
Gaztetako zorakerien bideoak webgune baten eskegi izan ditugu. Egindako eta egin gabeko sekulako burutapenak izan ditugu, eta, tartea eskainitakoan, ez nuen dudarik izan. Gauza alaia egiten saiatu, eta surfarekin iristen ez ginen publiko batengana heldu garela uste dut.
9. Zer da zuretzat arriskua?
Murriztu daitekeen arren, guztiz ebatzi ezin den elementua. Beldurrari lotuta dago, baina beldurrari ez zaio jaten eman behar: landu egin behar da arriskuari aurre egiteko. Arriskua, itsasoan, erronka da.
10. Gomendatu uda honetarako hondartza bat, edozein.
Orain enpresaria naizenez, Zarautz edo Donostia; eskolan, eskaintza ezberdinak ditugu udararako. Parranda giro ezin hobea ere badago!
-----------------
Makila magikoa baneuka: "Zentzuarekin jokatuta, munduan ezarritako sistema guztiz aldatuko nuke; ez dakit zerekin ordezkatuko nukeen, baina mundua hankaz gora dugu. Makilak esaten badit hori ezin dela, gosea amaitzen saiatuko nintzateke. Era egoistan, 30 metrotik gorako olatua altxatuko nuke nire lagun taldearekin banatzeko".