Bergarako Gorla elkartean eman zen lapurreta esanguratsuena. Jon Ander Ormaetxea bazkideak azaldu digunez ekainaren 16an eta 23an sartu ziren. Lehen aldian leihotik sartu ziren; ia sukalde osoa eraman zuten, labe eta guzti, eta baita kafe-makina eta izotz-makina ere. Horren berri eman zuten salaketan. Astebete beranduago, hilaren 23an, ondoko leihotik sartu ziren, sotora; alkoholdun 250 botila txiki eraman zituzten –kontsumo bakarrerakoak–, besteak beste. "Salaketa jarri ostean konturatu ginen pitxer eta bestelako ontzi batzuk ere falta zirela", adierazi du Ormaetxeak. Bergaran Artatze eta Pagomendi elkarteetan ere sartu ziren uztailaren 8an. Herrizaingo Sailaren arabera, dirua eta alkoholdun botilak eraman zituzten nagusiki, ateko sarraila behartu ostean.
Atetik zein leihotik
Bestalde, Arrasate eta Oñatin joan den astean eman ziren lapurretak. Hilaren 9ko gauean Arrasateko Egipe elkartera atetik zein leihotik sartzen ahalegindu ziren, baina ez zuten lortu. Ertzaintzak ez du inor atxilotu eta ikertzen dihardute.

Oñatin ere martitzen gauean eman ziren lapurretak Haitzalde elkartean. Sarraila apurtu ostean sartu baina ez zuten balio handiko gauzarik eraman; kutxa gogorra behartu zuten baina hutsik zegoen. Egun berean saiatu ziren Oinarrin sartzen baina ez zuten lortu. Udaltzaingoaren arabera, sarraila apurtu arren ez ziren barrura sartu.
Aretxabaletako Urbaltzen ere sartu ziren, duela bi aste. Elkarteko atetik sartu ziren eta tabernara sartzea ere lortu zuten; dirua eraman zuten, nagusiki.
Elgetako Intxorta elkartean uztailaren 1eko gauean sartu ziren, jaiak amaitu berri. Ferixa Nagusian salda eta pintxoak banatzeagatik herritarrek borondatez utzitako dirua eraman zuten, eta baita bazkideendako zenbait opari ere. Mikel Irazabal presidenteak esan digunez, leihotik sartu ziren.