Orain ere bai, eta emaitzak izango ditu; hala espero dute, behintzat, Euskadin erregistratuta dauden kalamu-kontsumitzaileen 54 elkarteek –2009an, orain hiru urte bakarrik, 18 ziren; Europako datuen arabera, Europan kalamu kontsumitzaile gehien duten eskualdeetako bat da Euskadi. Debagoienean ere badaude halako elkarteak; aktiboetariko bat Bergarako Sustar elkartea da, 2006an sortutakoa.
Eusko Legebiltzarrean dago orain eztabaida. Hain zuzen, Euskadiko kalamu-erabiltzaileen elkarteen federazioak (Eusfac) egindako proposamena jarraituta eta Legebiltzarreko talde politiko guztien adostasunarekin, kalamuaren inguruan dagoen hutsune juridikoa betetzeko lana hasi da. Horretan dihardu propio sortutako batzordeak.
Osasun sailburuordeak, Jesus Maria Fernandezek, martxoan azaldu zuen Eusko Jaurlaritzak kalamuaren landaketa, salmenta eta kontsumoa arautu nahi duela, eta Mendekotasunen Lege berri batekin egin nahi duela hori, aurten edo datorren urtean, seguruenik. Eusko Jaurlaritzak soilik arlo horiek arautu ditzake; ezin du kalamua legeztatu, hori ez dagoelako bere eskumenen artean. Arartekoa, Iñigo Lamarka, elkarteen alde agertu da, esanez elkarteok erregularizatzea eta babestea izan beharko litzatekeela helburua, horrela kontsumitzaileak merkatu beltzetik baztertzeko eta zigorretatik babesteko.
Kriminalizazioa
Izan ere, egun, legea ez dago kalamua kontsumitzen duenaren alde: Goñiren hitzetan, "kriminalizatu" egiten ditu kontsumitzaileak. Baina legeak baditu salbuespenak, eta haiei esker iraun dezakete kontsumitzaileen elkarteak eta federazioak.
Zigor Kodean, 1974a ezkero, norberak etxean droga hartzea ez da delitua; baina norberak droga hori erostea edo eskuratzea, kalean eroatea edo saltzea ez da legala, legeak ulertzen baitu hori dena trafikatzera bideratuta dagoela. Salbuespena hau da: norberak beretako landatzen duenean eta etxean berak kontsumitzen duenean. Euskadiko elkarteen federazioko idazkaria eta Urjoga Berdea kontsumitzaileen elkarteko presidenteak, Urki Goñik dioenez, lege horrek "kontsumitzaileak merkatu beltzera bultzatzen ditu"; izan ere, "norberak kontsumitu dezake, baina ezin dezake erosi: horrek ez du zentzurik".
Goñi baikorra da: "Gu, elkarteotan gaudenok, ez gara kriminalak eta ez gabiltza trafikatzen, ezta inori osasuna hondatzen ere. Gizarteak onartu du gauzak aldatu direla, eta jendeak dioena erakutsi behar du legeak".
60 gramo hilero
Elkarteak antolatuta dauden moduan, norbanakoak beretako landatzeko oinarri hori taldeko lanera eroan dute. Elkarte bakoitzak lur-eremu bat errentan hartzen du, eta batzarrean erabakitzen dute bazkideek baten esku uztea landaketa. Oso garrantzitsua da justu kontsumitu behar dutena ekoizteko adina landatzea; ez gutxiago, ez gehiago. Bazkide bakoitzak eskubidea du landaketa komun horretatik aurrez zehaztu duen adinakoa hartzeko. "Elkarte gastronomikoen oso antzekoak gara", esaten du Goñik.
Elkarte gastronomikoekiko duten desberdintasun nagusia da honakoek darabilten lehengaia: kalamua. Horregatik, kontrol zorrotza egiten dute kantitateen gainean. Urki Goñik honela azaltzen du: "Muga batzuk daude. Guk ezarri dugun muga da pertsonako eta eguneko 2 gramo. Hilean, gehienez, 60 gramo kontsumitu dezakete gure bazkideek; hortik gora, gure ustez, kontsumo arazo larria dago, eta bazkide horrekin hizketaldia izango genuke". Ez da hori kontrol modu bakarra: "Datorren astean federazioko abokatua eta langile bat landaketa guztietara joango dira, eta elkarte bakoitzaren aurreikuspenarekin bat datorrela begiratuko dute. Peritu agronomo bat ere ekartzen dugu hori egiaztatzeko".
Horrez gain, elkarteak EAEko elkarteen erregistroan daude, eta helburuak, jarduerak… dena zehaztuta daukate han. Beste edozein elkartek moduan funtzionatzen dute: demokratikoak dira, erabakiak batzarrean hartzen dituzte, urte bukaeran balantzea onartzen dute…
Oraindik ere, arriskuan
Horrela, legea betetzen duen modu baten kontsumitu dezakete kalamua elkarte horietako bazkideek. Baina babes handiagoa eskatzen dute, eta horregatik nahi dute euren egoera legeztatzea; izan ere, oraindik isunak, atxiloketak, epaiketak… jasaten dituzte zenbaitetan. Urki Goñik esaten duenez, erraz konpondu daiteke arazo hori, izan ere, "gaur egun ez dago legeak aldatzeko beharrik; ez Europako legeak, ez hemen daukagun Kode Penala ere. Behar dena da eragile politikoek, legelariek eta gizarteak kode zibila gehiago garatzea eta gaur egungo errealitateari gerturatzea".
Medikuarekin batera
Bergarako Sustar elkartea 2006an sortu zen eta, gaur egun, ia 200 bazkide ditu. Bazkide izateko gutxieneko adina 21 urte da, eta adin guztietariko kideak daude. Orain urte eta erdi, lokala lortu zuten eta hantxe batzartzen dira. Sustarreko kide Kaiet Laskurainek azaltzen duenez, federazioko elkarte guztiek antzera funtzionatzen dute eta askotariko ekintzak egiten dituzte. Euren jarduerako adar garrantzitsuenetako bat da kalamua osasun arrazoiengatik behar dutenei arreta. Horretarako, beti medikuaren baimenarekin eta haren laguntzarekin egiten dute lan. Kimioterapia hartzen dabiltzanak, insomnioa dutenak, artritisa dutenak… askotariko arazoekin lagundu izan dute.
-----------------
Urki Goñi (Euskadiko federazioko idazkaria): "Elkarteok osasuna babesten dugu"
Euskadiko kalamu-kontsumitzaileen elkarteen federazioko kidea da Urki Goñi. Bere esanetan, euren proposamenak erabiltzaileen osasuna babesten du.
Zenbat elkarte zarete? 54 elkarte daude erregistratuta. Pare batek ez dute jarduerarik. Beste batzuk epaitegian daude, euren egoitza sozialak itxita. Eta beste 38 bat elkarte normal funtzionatzen dabiltza. Hortik, gaur egun, 14 gaude federatuta, eta beste 22 tramitean daude.
Zer du onik elkarteon proposamenak? Merkatu beltzeko arazo guztiak kentzen ditugu; kontsumitzaileak, lehenengo aldiz, demokratikoki har ditzake erabaki batzuk –ze substantzia hartzen diren, ze ekoizpen-prozesu dagoen eta non eta nola kontsumitu dezakeen. Horrez aparte, beste modu batera merkatu beltzera joango zitekeen diru hori zergatara, langileei ordaintzeko eta kluben helburuak lortzeko erabiltzen da. Osasuna babesten duen programa da gurea; izan ere, substantziak hor daude, eta haiek modu seguruan hartzeko lekua behar da. Leku horietan informazioa eman behar da, eta kontsumitzailea ez dago kriminalizatuta. Hori da, adibidez, heroina hartzeko gelen kasua.
Jendeak kalamuaren gaineko nahikoa informazio du? Ez, beste interes batzuk daudelako. Gaur egun oraindik onkologikotik jendea paper barik bidaltzen digute, mesedez laguntzeko eskatuz. Azken 10 urteetan jendea benetan antolatu da, mediku espezializatuekin lan egiten dugu… Ezin dute justifikatu zergatik azken 70 urteetan ez dioten jendeari behar zuena eman. Botiken agentziak botiken %25 kendu egiten ditu, efektu txarrak dituztelako; marihuanarekin ez dago horrelakorik. Elkarteak egiten gabiltza tokatzen ez zaigun lan bat, osasun arduradunek egin beharko luketena.

