Debagoieneko Industrialdea S.A. desagertzera doa

Goiatz Arana Begiristain 2012ko uztailaren 14a

Industriak bat-egiteak burutu ditu Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat industrialdetan eta tartean dago Debagoienekoa; Deba Behekoak xurgatuko du eta gaur arte moduan Debagoieneko Industrialdea S.A. moduan existitzeari utzi egingo dio ondorioz. Irailean egingo dituzte erabateko eskriturak, baina praktikan ez du eraginik izango. Eragina izango du, hori bai, bazkidetzari dagokionean, udal gehiagok parte hartuko dutelako elkarte berrian. Deba Bailarako Industrialdea S.A.izango da aurrerantzean.

Deba Beheko Industrialdea S.A. eta Debagoieneko Industrialdea S.A. sozietate publikoen administrazio kontseiluek 2012ko martxo bukaeran egindako batzarretan erabaki zuten bat egiteko prozesua hastea; Deba Behekoak Debagoienekoa xurgatuz gauzatuko da bat-egitea. Ondorioz, Deba Beheko Industrialdea S.A. sozietateak bere egingo du xurgatutako sozietatearen ondarea, aktiboa zein pasiboa, eta xurgapen bidezko bategiteak Debagoieneko Industrialdea S.A. desagertzea ekarriko du. 

Zortzi industrigune

Gaur egun Debagoieneko Industrialdean ibarreko zortzi industrigune daude: hiru, Oñatin (Berezao, Oxinurdin eta Zubillaga); bi, Aretxabaletan (Bainetxe eta Basabe); Markulete, Arrasaten; Labegaraieta, Bergaran; eta Torrebaso, Eskoriatzan.

Deba Bailarako Industrialdea S.A.

Ekainaren 28an egindako batzar nagusian onartu zuten bat-egitea eta irailaren 1ean egingo dituzte industrialde berriaren erabateko eskriturak; Deba Bailarako Industrialdea S.A. izango da elkarte berriaren izena eta Fermin Orue Etxebarriak jarraituko du gerente izaten (bera da elkarte berria osatuko duten bi industrialdeetako gerentea gaur egun ere).

Egungo Aretxabaletako eta Elgoibarko bulegoak mantendu egingo dituzte eta baita langileek ere eta praktikan ez du eraginik izango. Eragina izango du, hori bai, elkarte berrian bazkideek izango duten parte-hartzean, lehen baino udal gehiagok esku hartuko dutelako: Sprilurrek izango du zatirik handiena, %51; Gipuzkoako Foru Aldundiak, %24,42; Aretxabaletako Udalak ,%4,66; Elgoibarkoak, %3,17; Mutrikukoak, %2,99; Eibarkoak, %2,63; Oñatikoak, %2,59; Arrasatekoak, %2,29; Bergarakoak, %2,15; Eskoriatzakoak, %2,07; Mendarokoak, %2; eta Debagoieneko Mankomunitateak, %0,02.

2009an 22, 2012an 12

2009an hasi zen industrialdeen fusio prozesua, 22 industrialde zeudenean; eta 12 izatera pasako dira (bakarra Araban, lau Bizkaian eta zazpi Gipuzkoan). Azken bat-egiteekin amaitutzat emango da fusio prozesua.

Gastua arrazionalizatu eta kudeaketa eraginkorragoa lortu nahi dira neurrion bitartez, baita lursail eskaintza optimizatzea ere. "Dagoeneko hartutako neurriei esker aurrezteak ematen ari dira, izan ere, zerbitzu zentralizatuak sortu dira, neurri traumatikorik hartu gabe", Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren arabera. "Lokalismoak gaindituz eta jarduera lurralde esparruan eginez –ez bakarrik eskualdean–, lurraldearen oreka eta kohesioa indartzea" dakarrela ere gaineratu du.

Debagoieneko Mankomunitateak datorren astean egin asmo du erabakiaren gaineko balorazioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak