Maria Eugenia Arrizabalaga: "Inolako gobernuri ez zaio ametitzen Parlamentuaren gainetik gobernatzea"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko uztailaren 14a

Gipuzkoako EAJren organo gorenaren, GBBren, bozeramailea da; legebiltzarkidea Gasteizen eta zinegotzia Antzuolan. Hurrengo Legebiltzarrerako hauteskundeetarako zerrendetan hirugarren doa Gipuzkoatik. Hauteskundeez eta Lopezen gobernuaz bai, baina Alduntzin Ingurumen diputatuaren kontrako zentsura mozioaz eta Bilduren jarreraz dihardu.

Juan Karlos Antzuntzin Ingurumen diputatuaren kontrako zentsura-mozioaren helburua Bilduren jarrera aldatzea dela diozue. Lortuko duzue?

Inflexio puntu bat izatea nahiko genuke, eta Bilduren gobernuak hausnarketa sakona egin dezala. Oro har, kultura demokratiko eskasa erakutsi du. Ez da EAJrekin adostutakoa bete ez duela; ez da guk nahiko genukeena ez duela egiten, askoz ere sakonagoa da: Diputazioko gobernuak erantzun behar die Batzar Nagusiei, eta ez du hori egin, hain justu ere, ez duelako nahikoa gehiengo. 

Eskatzen diozuen moduan, Garitanok jarrera aldatuko duela uste duzu?

Bilduren Foru Gobernuak, nahiz eta hauteskundeetan boto asko lortu eta gobernatzeko legitimitate osoa eduki, ez dauka erabateko gehiengorik eta horrek behartzen du akordioetara heltzera. EAJren hasierako hautua izan da Bilduren aurkako inolako fronterik ez osatzea, eta uste dugu Garitano hori baliatzen ari dela. Izan ere, ez Garitano eta ezta Izagirre ere, ez lirateke boterera helduko dioten fronte hori egongo balitz. Biktimismoa egiten ari dira. 

Aurrerantzean ere ez duzue osatuko Garitanoren aurkako alternatibarik?

Ez daukagu Garitanoren aurkako zentsura-moziorik aurkezteko asmorik. Baina Garitanok jakin behar du jarrera aldatu beharko duela eta edozein politika aurrera atera nahi badu besteekin adostu beharko duela. Inolako gobernuri ez zaio ametitzen Parlamentuaren gainetik gobernatzea. 

EAJrekin adostasunera heldu zen…

Kontu guztiekin ez du berdin jokatu. Batzar Nagusietan hainbat ekimen bultzatu dira eta era bateko zein besteko akordioak lortu dira. EAJk eta Bilduk, gutxienez, 20 ekimenetan akordioetara heldu dira. PPrekin eta PSE-EErekin ere lortu du. Baina, bereziki, hiri hondakinen kontuetan, edo tinko jarraitu nahi duen horietan, ez du hurbiltze proposamenik egin, errealitateari uko eginez. Egin nahi duena egiteko nahikoa boto ez ditu eta bada Foru arau bat behartzen dutena Foru Aldundia ez ezik, baita Partzuergoa, mankomunitateak, udalak… herritar guztiak. Bete beharreko lege bat da, indarrean dagoena, eta aldatu nahi badu, adostu egin beharko du Batzar Nagusietan. Hori da Bilduk egin ez duena eta bere plan berria aurrekoaren garapen gisa saldu nahi izan digu. 

Aurrekontuak onartzen lagundu zenioten Bilduri abenduan. Damututa?

Batetik, argi dago hitza ez duela bete. Zentsura-mozioa aurkezteko asmoa genuela aurreratu genuenean, korrika eta presaka hasi ziren plan bat aurkezten. Aurkezpen publikoak-eta egiten. Foru Gobernuaren hitzak balio gutxi du. Guk zintzo jokatu genuen. Alderdiak erabaki estrategikoa hartu zuen, egoera ekonomiko zail honetan, erakundeetako aurrekontuak onartzen laguntzeko. Gipuzkoan ere hala egin genuen. EAJk hitza bete du; beste aldeak ez. 

Datorren urteko aurrekontuei begira?

Ez dugu uste Bilduri babesa emango diogunik, ikusitakoak ikusita. 

Gipuzkoako Hiri Hondakinen Partzuergoan eta udal gehienetan Bilduk agintzen du eta udal gehienek atez atekoa ezarriko dute eta errauste plantarik ez dutela nahi diote…

Atez atekoa bilketa sistema da. Udalek dute eskumena nahi duten bilketa sistema erabiltzeko. Hori ez doa foru arauaren aurka. Bestelakoa da alkate bakoitzak baloratu beharko lukeela, nahiz eta erabateko gehiengoa izan, beren herritarren borondatearen aurka egin edo ez, kontuan izanda zenbat sinadura batu diren herrietan atez atekoaren aurka. Bilduk dio eskumen kontrajarriak daudela. Baina ez nago ados. Foru araua Batzar Nagusiek onartutakoa da eta eragiten die, lege horrek, gipuzkoar guztiei. 

Gipuzkoako 50 alkate agertu dira errauste plantaren aurka...

Gipuzkoan sortzen den hiri hondakinen erdia baino gehiago ez da sortzen Bilduk erabateko gehiengoa duen udaletan. Soluzioa ez da atez atekoa. 

Beste kontu bat; legebiltzarkidea zaitugu Gasteizen. Bukatu da legealdia; Lopezen aurten deituko ditu hauteskundeak?

Lopezek behin eta berriro gogorarazi nahi digu berea dela hauteskundeak deitzeko eskumena. Dena dela, uste dugu aurtengo azaroan izan daitezkeela. PPk bakarrik utzi zuenetik, Lopezi geratzen zaio Garitanori gertatzen zaion berdina. Oso zaila da legerik aurrera ateratzea gehiengo nahikorik ez badaukazu. Bestela, Lopez maisu da propaganda kontuetan eta aprobetxatu nahian dabil orain daukan foroa propaganda egiteko, Espainian autonomia erkidego gutxitan daukalako PSOEk aginterik. Eta PPk astero inori gustatzen ez zaizkion neurriak hartzen dituenez, bada, horiei aurre egiten dabil Lopez. Raxoiren kontrako jarrerekin etekinak atera nahian dabil. 

Baina helduko zaio aurrekontuak onartzeko unea. EAJk babestuko ditu Lopezen aurrekontuak?

Nekez aurkeztuko du Lopezek aurrekontu proiekturik. Batetik, asti laburra duelako; bestetik, murrizketen aurka azaldu bai, baina zeuk ere egitera behartuta bazaude, aurreko urtean baino diru gutxiago jaso dutelako foru ogasunek, bada, kontraesanetan erortzeko zorian egon zaitezke. Datorren urteko aurrekontu proiektuak aurtengoek baino 1.000 milioi euro gutxiago izango ditu. Hori ikaragarria da. EAJ prest legokeen? Arduratsu jokatuko genuke, baina orain arte ehunka proposamen aurkeztu diegu aurrekontuei, eta ez dituzte aintzat hartu. 

Ibarretxerekin irabazi zenituzten hauteskundeak. Urkullurekin ere bai?

Ziur nago baietz. Itunak egin beharko ditugu, hala ere.

Zeinekin?

Lehenengo, hauteskundeak irabazi beharko ditugu eta, ondoren, egokiena izango litzateke gutxiengoan gobernatzea, aldiko-aldiko batekin eta bestearekin adostasunetara helduz, proiektuak aurrera ateratzeko.

Zeinekin daukazue harreman hobea Gasteizen, sozialistekin ala popularrekin?

Denekin antzeko samarrekoa. Egia da, halere, bereziki, Ibarretxeren garaipena aintzat hartu ez zutenetik, sozialistekin nahiko harreman txarrak izan ditugula azkenaldian. 

Zeri emango diozue lehentasuna, arlo ekonomikoari ala identitario edo politikoari?

Batek ez du bestea ukatzen. Zenbat eta burujabeago, zenbat eta gehiago sentitu herri bateko kide, hobe erantzungo diegu ekonomian dauzkagun arazoei. Bestalde, normalizazio politikoa eta bakegintza ere oso garrantzitsuak dira aurrera egiteko. 

Azken komunikatuan EAJri kritikak egiten dizkio ETAk, Aiete k¡konferentzian adostutakorik aldentzea eta abar.

Asmo elektoralista hutsetik egindako adierazpena da ETAren azkena. Beti bezala, etsai bat nahi du eta beti eduki izan du EAJ etsai moduan. Bestetik, ETA ez da eragile politikoa. Ez diogu hori aitortu behar. ETAk aldebakarreko erabakia hartu zuen behin betiko armak utziz. Hortaz, aldiko-aldiko gandorra ateratzen ibili beharrik ez du. Urratsak eman beharko ditugu eta EAJ ari da, beti bezala, nahiz eta diskrezioz, eragile hainbati laguntzen, bakea behin betiko egonkor dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak