Caritasen harrera-zerbitzuek laguntza hori kudeatu beharko dute "muturreko egoeretan babesgabetasun-egoerak arintzeko premiazko laguntzen bitartez, erantzun bizkorra eta malgua behar dutenean, eta oinarrizko beharrak asetzeko", esan du Gizarte Gaietako Sailak.
Cáritas Euskadik eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartu dute; hain zuzen ere, behar den informazio guztia elkartrukatzeko konpromisoa, pertsona berak ez dezan laguntza mota bat bi aldiz jaso, eta gizarte-estaldura guztiak ahalik eta jende gehienarengana iritsi daitezen.
Akordioaren bitartez Sailaren eta Cáritasen arteko lankidetza indartu egingo da. “Lankidetza publiko-pribatuaren bitartez gizarte-egituratze handiagoa lortzeko politikak bermatuko dira”, nabarmendu du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak.
Urtero, 500 milioi pobreziaren aurka egiteko
"Pobreziaren aurkako borroka" egingo dutela iragarri dute Gizarte Gaietako Sailak eta Caritasek. Zentzu horretan, hauxe nabarmentzen du Sailak: "Gizarte-bazterkeriaren aurkako borrokan esperientzia handia dago EAEn eta, horri esker, pobrezia murrizteko etengabeko joera sortu da". Horrela bada, "pobrezia-arriskuaren tasa txikiena duen autonomia-erkidegoa izatera iritsi da EAE, Estatu osoan buru izanik". Hala ere, krisialdi ekonomikoak pobrezia-tasak igo egin ditu: 2006an arrisku-adierazlea %7,6 zen (162.932 pertsona) baina 2010ean %8,5 (185.806 pertsona).
Helburu berberarekin, Sailak Gizarteratze Aktiboko Plana egin du; gizarte-bazterkeriaren prebentzioan eta tratamenduan gainditu beharreko erronkak eta lehentasunak ezartzen ditu, eta gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuak antolatzeko egin beharko diren aldaketak jorratzen ditu. 2016ra arte Plan horrek 500 milioi eurotik gora emango ditu urtean pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurka borrokatzeko.