Euskadiren BPG txikitu egin da 21 hilabete eta gero

Leire Kortabarria 2012ko uztailaren 12a

Zazpi hiruhilekoz jarraian "leun" hazi eta gero, euskal ekonomiak noranzkoa aldatu du, eta Barne Produktu Gordin txikiagoa izan du berriz urteko lehen hiruhilekoan: iazko lehen hiruhilekotik hona %-0,3 izan da, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak jakinarazi duen moduan. Aurreko datua baino puntu erdi txikiagoa da hori.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak hiru hilean behin kaleratzen duen Koiunturaz buletinean jasotako ondorio batzuk dira. Ekonomia Sailaren webgunean irakur daiteke txosten osoa.

Hiruhileko arteko tasan, bi hiruhilabetez tasa hori txikituz joan da, "atzeraldiaz hitz egiteko erabili ohi den baldintza betez", dio Zuzendaritzak. Hala ere, lehen hiruhilabeteko beherakada Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak aurreikusi zuena baino nabarmen txikiagoa izan zen, "neurri handi batean barne eskariak espero  baino hobeto erantzun zuelako", diote txostengileek.

Hala, Euskadiko ekonomia kanpora begira dago: "Berriro ere, bultzada osoa kanpotik iritsi zen, hazkundeari sei hamarreneko ekarpena egin zuelako", azpimarratzen du Zuzendaritzak. Dena dela, joan den hiruhilekoaren erdia da emaitza hori, "EAEko esportazioen helburua diren herrialdeek erakusten duten ahultasun gero eta larriagoaren ondorioz". Izan ere, Europako herrialdeek, batez beste, zazpi hamarrenetan moteldu zuten hazkunde tasa, "ia hutsalak diren gehikuntza erritmoetan kokatu arte", esaten du azterketak.

Krisi "egonkortua"

Zuzendaritzak gogorarazten du mundu osoko ekonomiak "dagoeneko bi urte" daroala "gero eta erritmo apalagoak" izaten, "egonkortasunerako nolabaiteko joera erakusten duen arren".

Alde batetik, garapen bidean dauden herrialdeek munduko merkataritzaren bizitasun makalagoa igarri dutela ondorioztatzen du Zuzendaritzak. Halaber, herrialde horietako batzuetan inflazioa kontrolatzeko onartu ziren politikek ekoizpena geldotu zuten, herrialdearen hazkundea "arriskuan" jarri arte. Hori dela eta, une hauetan alderantzizko mugimenduak onartu dira eta moneta neurri hedakorrak ezarri dira, interes tasak behin eta berriro jaitsiz.

Europa, geldi; AEBak, sendo

Bestetik, herrialde garatuen artean, Europako Batasunaren "geldotasuna" eta AEBen "sendotasuna" kontrajartzen ditu Ekonomia Zuzendaritzak. Izan ere, AEBetako ekonomia %2 hazi da, aurreko datua baino 0,4 handiagoa. Japoniak "ezustea" eman duela dio, urte arteko %2,7ko tasarekin, baina datu hori lurrikara eta tsunamia gertatu ziren 2011ko epealdiarekin dago alderatuta.

Beste aldean Europa dago: Alemaniaren "hazkunde neurritsuaren" (%1,2) eta Italiaren "beherakada biziaren" (%-1,3) artean kokatzen ditu Zuzendaritzak, tartean Erresuma Batuaren (%0,0) eta Frantziaaren (%0,3) geldotasuna daudela. "Zor subiranoaren arazoak konpontzeko zailtasunek eta bankuen krisiak bete-betean kaltetu dute Europar Batasun osoa, nekez lortu baitu hazkunde positibo bat", ondorioztatzen du Zuzendaritzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak