'Parot doktrinaren' aurka azaldu da Europako Giza Eskubideen Auzitegia

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko uztailaren 10a

Ines del Rio euskal presoari kartzela zigorra luzatzea "irregularra" dela dio Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. Eta, ondorioz, hura ahal den azkarren aske uzteko agindu dio Espainiako gobernuari. Estrasburgoko epaitegian eman dute epaia. Modu honetan, epaitegi hau, lehen aldiz, 197/2006 doktrinaren edo Parot doktrina bezala ezagutzen den horren aurka agertu da. Gainera, ETAkideari kalteordaina ordaintzera behartu du Espainiako gobernua.

Ines del Rio Prada euskal presoaren defentsak jarritako helegiteari erantzun dio orain Estrasburgoko epaitegiak. Eta, Espainiari agindu dio presoa libre uzteko ahal duen azkarren. Horretaz gain, Espainiak 30.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio, presari, epai horren arabera.

Ines del Rio 2008an geratu beharko zen aske, Espainiako epaitegiek ezar dezakeen espetxe zigor handiena bete ostean, baina 2017ra arte luzatu zion zigorra Espainiako Auzitegi Nazionalak, Parot doktrinan oinarrituta. 1987ko uztailean atxilotu zuten, ETArekin lotuta. Tafallakoa da.

Auzitegi Gorenak 2006an ateratako sententzia bat da Parot doktrina. Horren arabera, espetxe erredentzioak espetxe zigor bakoitzari aplikatzen zaizkio, eta ez presoak guztira bete beharko lituzkeen gehienezko 30 urteko kopuruari, 2006ra arte egiten zen bezala. Del Riori, bere momentuan, 3.000 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. 76 euskal presori ezarri izan diete doktrina hori.

'Kanto' eta 'Gazta'

Gure eskualdean, kondena 2006 eta 2007. urteetan bete zuten arren, Parot doktrina aplikatuta zigorra luzatu ondoren, preso dago (2018 urtera arte) Luis Mari Azkargorta Kanto aramaioar-bergararra.

Jose Ignacio Gaztañaga arrasatearrari ere ezarri zioten. Aurtengo apirilean libre utzi zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak