Gorka Otxoa: "Antiheroi erregistroan ondo sentitzen naiz, ondo pasatzen dut"

Txomin Madina Milikua 2012ko uzt. 12a, 02:00

Antzezpenaren esparru guztiak ukitu dituen donostiarraren azken filma, Lobos de Arga beldurrezko komedia, ostiralean estreinatuko da gurean. Alemanian edo Korean ere ikusiko dute.

1. Gizotso artean dabilen idazlea zara Lobos de Arga-n. Nola prestatzen da horrelako paper bat?

Guztiak bezala, entseatzen eta zuzendariak dioenari kasu eginaz. Bizpahiru aste egon ginen entseatzen; saiatu ginen islatzen nola erreakzionatuko lukeen pertsona normal batek gizotsoen artean.

2. Dardarak eta barreak uztartzeak ez dirudi erreza...

Ez; gidoian ondo markatu behar da pelikularen  norabidea. Zuzendariak, gidoilaria ere badenak, argi zuen eta emaitza oso lortuta dago. Argi genuen interpretazioan naturaltasuna nagusitu behar zela; hortik komedia sortzen da. Ez da parodia bat.

3. Nola daroazu pelikula atzerrian ikusiko dela jakitea?

Nazioarteko jaialdietan jendeak barre asko egin du, eta sariak ere irabazi ditu. Ez genekien nola funtzionatuko zuen Estatutik kanpo, eta sekulako sorpresa izan da.

4. Askorentzat Pagafantas izango zara luzaroan. Ondo eroaten den goitizena?

Ohore handiz daramat. Sekulako esperientzia izan zen pelikula egitea eta niretzat, film ona da. Oraindik presente dago: jendeak lehengoz ikusten du, edo hamargarrenez, aurrekoan esan zidaten moduan. 

5. Zer dute antiheroiek?

Barregura sortzen dutela, komedietan oso ondo funtzionatzen dute. Ni gainera, erregistro horretan ondo sentitzen naiz, oso ondo pasatzen dut.

6. Wikipedian, euskal umoristen zerrendan zaude. Horrelakotzat duzu zeure burua?

Ez, komedian zein draman dabilen aktoretzat baizik. Umoristak pertsonaia sortzen du, gidoiak idatzi, telebistan kolaboratu... Ni horietan ez naiz oso eroso sentitzen.

7. Pertsonaietan sakontzen duzue aktoreok. Psikologia ikasketek laguntzen al dute horretan?

Bai, ez naiz damu psikologia ikasi izanaz; etekin handia atera diot. Egin ditut psikologia eta antzerki ikastaroak eta ariketa berberak dauzkate: pertsonak ezagutu, nortasunak... 

8. Aktore lanetan aberasteko sartzen denak...

Bide txarra izango du. Oso lan ezegonkorra da, bolada on eta txarrekin... Dirua irabazteko ez dadila inor sartu. Madrilen bada esaera bat dioena: "Aktorea zara? Bai. Zein tabernatan egiten duzu lan?".

9. Ez zarete gutxi Madrilen bizi zareten euskal aktoreak. Koadrila egina dagoeneko?

Bai, batzuk aurretik ere ezagutzen ginen: Miren Ibarguren, Barbara Goenaga... Baita tekniko, gidoilari edo zuzendariak ere. Hemen industriarik ez dago eta euskaldun asko gaude han. 

10. Botatzen al dituzu faltan euskal dantzak?

Bai; Madrilera joan eta urtebetera utzi behar izan nuen. Batez ere jendea botatzen dut faltan, Kresala dantza taldeko sekulako koadrila.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Hainbeste gauza egingo nituzke! Gauza bakarra egitekotan, daukagun sistema zikin hau aldatuko nuke eta bankari ia guztiak kartzelara bidaliko, baita politiko gehienak ere. Ez dakit zein den sistemarik onena, baina argi dago honek ez duela funtzionatzen; beraz, aldatu egingo nuke".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak