Agintaldi bakoitzean egiten ditu Gipuzkoako Ur Kontsorzioak ur hornidurarako eta ur arazketarako dituzten instalazioak ikusteko bisita gidatuak. Helburua da, tokian tokiko udal ordezkariei, toki eta prozedura horiek erakustea. Hala, gaur, Urkuluko presa, hango tratamendu planta eta Epeleko araztegia ezagutu dituzte.
Ur Kontsorzioko Ustiapen Zuzendari Joxe Saizarrek eman ditu azalpenak eta bertan izan da baita Kontsorzioko gerente Iñigo Elosegi: "Jendea ez da konturatzen gure etxetako iturrietatik datorren ur garbiaren atzean zer nolako prozesu eta azpiegiturak dauden; gainera, orain, Epeleko araztegiari esker, isurtzen ditugun ur zikinak ere garbitu egiten dira".
Epeleko araztegia martxan dago, baina sistema ez dago guztiz estabilizatuta. Alegia, martxan dago, eta sartzen den ur zikina garbitu egiten du araztegiak, baina, proba fasean dago oraindik. Urrirako espero dute, errendimendu osoz lanean hastea.
Kontsumo tendentziari dagokionean, esan behar da nabarmen egin duela behera. Urkuluko urtegia egin zenean, 1980ko hamarkadan, aurreikusten zen biztanleko egunean 460 litro ur behar zirela. Egun, kontsumo hori asko jaitsi da; bataz besteko 250 litrora, hain zuzen. Hor zeresana izan dute kontsumo kultura berriak, udalek euren hodien mantenuan egiten duten lanak -izan ere hodi horiek askoz jario edo fuga gutxiago dute orain-. eta noski, krisiaren eraginez, industriak ere kontsumoa jaitsi izanak.