Europako Batasuneko agintariek erabaki dute Espainiako bankuak zuzenean birkapitalizatzea. Ze esan gura du horrek eta ze ondorio ekarriko dizkio bezero arruntari?
Bezeroari ez lioke inongo eraginik sortu beharko, kreditu erakunde horrek gauzak ondo egin baditu eta ez badu aktibo arrarorik. Badago berme funtsa, baina preferentzialak ez ditu hartzen. Horretan sartzea, hau da, gailur horretan onartu zenak eragiten du estatu espainoleko egoerarekiko kontrol zuzenagoa lortzea Europako Batasunak: dirua emango dizugu, baina askoz zorrotzago kontrolatuko dugu. Eta etxerako lanak eskatu dizkio. Jendeak esan dezake, ea egiten ez diren. Ba, larregi ez dira egin edo azkeneko egunerako utzi dira.
Euroa apurtzeko arriskua dago?
Gaur [joan den martitzenean] Krugman-ek aipatu du arrisku hori badagoela. Berak %40 inguruko aukera ipini du, baina esan du, lehenik eta behin Espainiako estatuko ekonomiak zer egiten duen ikusi beharko dela, eta horrek finkatuko duela euroaren jarraipena edo euroa haustea. Espainiako ekonomiak ez badu egoera honi erantzuteko modurik, euroaren porrota izango litzateke.
Pezetara bueltatzea ona edo txarra litzateke, eta zergatik?
Ona ez litzateke izango; berriz beste moneta batera aldatu beharko litzateke, horrek dakartzan distortsioekin. Gogoratzen dugu eurora pasatzerakoan inflazio arazoak izan zirela. Euroari eusteko gai izan daiteke Espainiako estatuko ekonomia, baina betiere gauzak ondo egiten baditu, eta orain arte ez du hala egin. Contranatura politikak erabili dira. Ez da naturala egin dutena, neoliberalismoaren ideiak besarkatu dituztelako ideia hauek krisiaren aurka borrokatzeko ezerezak direla frogatu arren. Gauzak gaizki daudenean ezin da oinezkoa neurri murriztaileekin ito; politika hedatzaileak aplikatu behar dira kontsumoa pizteko eta ekonomia dinamizatu ahal izateko.
Europan interes kontrajarriak daude: Alemania eta Frantzia elkarren aurka, eta Espainia, Frantziatik gertu. Zeinek irabaziko du?
Gailurraren harira esan zen garailea izan zela hirukote bat –Espainiako estatua, Frantzia eta Italia–, eta galtzaile, Alemania. Alemaniak krisi zorrotzak jaso ditu bere parlamentuan ere: hainbat ekonomiak ezin izan diotela eutsi berak jarritako erritmoari.
Kontuan hartu behar da Espainiako estatuaren interes bera izan dezaketela beste herrialde batzuek, nahiz eta ez esan. Eta hor ere beste bi herrialde daudela, Finlandia eta Herbehereak. Zorra erosteko, aho bateko botoa izan behar da, eta Europan ez dago halakorik. Eurek erreskatean ere trabak ipini zituzten, ez zutela argi ikusten esan zuten, ez erreskatea egitea ezta baldintzak ere. Hortaz, ez daude bakarrik bi alderdi: hiru, lau edo gehiago egon daitezke.
Hori konpondu daiteke?
Adostasunak bilatzea da kontua. Logikoa ere izan daiteke adostasun horiek topatzen zailak izatea, herrialde bakoitzak bere interesak bilatu behar dituelako, eta interes orokorrak partikularrarekin talka egiten duelako.
Euskal bankuen eta kreditu entitateak ere zabor bonoaren mailan utzi ditu Moody's kalifikazio agentziak. Zelan ikusten dituzu euskal bankuak? Eta kalifikazio agentziak eurak?
Nik ez ditut euskal kreditu erakundeak hain gaizki ikusten. Egia da, estatuko kreditu erakunde moduan, saltsa batzuetan sartu direla, eta hainbat erosketa eta aktibo eskuratzek kalte handia egin dutela. Baina beste hainbat kreditu erakunderekin alderatuta, Euskal Herrikoak hobeto daude.
Gero, rating agentziak daude. Agertu ziren hainbat dokumental, esaten ez direla erabat zehatzak, izan ditzaketela beste interes batzuk eta ez direla oso objektiboak… Kalifikazio edo rating agentzien nire balorazioa ez da batere ona, izan ere, zurrumurruak botatzen dituzte eta ekonomia oso bat hankaz gora ipin dezakete.
Espainia interbenitu egingo dutela uste duzu?
Merezimendu guztiak egiten dabil. Aurreko gobernuaren politika erabat inkonpetentea izan zen, baina oraingoa ere ez da konpetentzia erakusten ari. Bakoitzak bere merituak egin ditu ongizate estatua deuseztatzeko. Interbentzio arriskua egon daiteke, bai, eta zenbat eta baldintza zorrotzagoak ipini, orduan eta handiagoa da interbentzioa; baldintzak espartanoak direnean, interbentzioa erabatekoa da, eta ez erreskate soila. Merkelek ere esan zuen Alemaniako parlamentuan: kontuz, hau aurrera doa, mekanismo guztiak martxan jarriko ditugu, baina zaindu egingo dugu.
Nola eragingo lioke interbentzioak jendeari?
Ikusi egin beharko litzateke interbentzioak ze zentzu hartzen duen. Bigarren mailako baldintzak jartzen badira –politika ekonomiko askoz murriztaileagoak, gero dirua bueltatzeko– ez liguke modu onean eragingo. Oraindik politika murriztaile gehiago ipini nahi dituzte, eta gainera espero dute gauzak ondo joatea; baina kontsumoa are gehiago uzkurtuko da, eta hori arriskutsua da.
Zer egin beharko luke gobernuak kontsumo hori bultzatzeko?
Esaten dute BEZ handitu nahi dutela. Zertarako? Errekaudazioa handiagoa izateko. Baina tranpa hau da: jendeak gutxiago erosten badu, BEZ kontsumoaren gaineko zerga denez, bilketa ere murritzagoa izan daiteke. Zer egin behar da? Azken finean, kontsumoa apur bat estimulatu. Horretarako, beharbada beste politika batzuk erabili behar dira, zergak handitzea baino gehiago.
Hainbat krisi bizi izan ditugu, baina jendea oso etsita dago oraingoarekin. Zer du berezirik?
Desberdina da. Sistema finantzarioan gogor eragin du, eta gainontzeko sektoreak ere gogor ukitu ditu. Gainera, oso bat-batekoa izan da: 2008tik 2009ra bitartean egundoko aldaketa izan zen, oso krisi bortitza izan zen. Jende askok konparatzen du, hainbat ezaugarritan, 29ko crack-arekin. Horrelako kasuetan, krisitik depresiora igarotzea erraza da, eta depresioa deitzen zaio ekonomia behera doanean eta jendearen animua ere bai.
Itxaropenerako arrazoirik badago, azken baten?
Bai. Batetik, historiaren ikasgaiak ditugu: beti izan ditugu zuloak eta beti irten izan gara. Eta ez dugu konparatu behar Espainiako eta Hego Euskal Herriko ekonomia. Askoz posizio hobean gaude, nahiz eta guk ere gaizki pasatu, baina krisitik irteteko bide askoz irekiagoa izan dezakegu, uzten baldin badigute; ze badakigu ze testuingurutan gauden, eta ikusi beharko litzateke ea gauzak gure modura egiten uzten diguten.