Eskualdeetarako enplegu planak aurkeztuko dizkie Lanbidek alkateei

Leire Kortabarria 2012ko uzt. 9a, 14:55

Lanbideko ordezkariek Euskal Enplegu Plana alkateei aurkezteko batzar-erronda hasiko dute bihar, martitzena. Arabako udal ordezkariekin batzartuko dira. Plana eskualdez eskualde ezarriko da. Etzi, eguaztena, Bizkaikoekin egongo dira, eta egubakoitzean, Gipuzkoakoekin. Lanbidek dei egin die gaur alkateei, enplegu planak "sustatu" ditzaten eskatzeko. Euskal Enplegu Zerbitzuak 17 milioi euro bideratuko ditu enplegua sustatzeko eskualdeko programetarako.

Aste honetan, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak alkateei edo enplegu-alorrean erantzukizun handiena dutenei egin die deialdia bilera-txanda bat egiteko. Bilera horietan eskualdeko enplegu-planei buruzko informazioa emango da. Topaketa horien bitartez, enplegua sustatzeko programa horien idiosinkrasia aurreratu nahi zaie; era berean, lortu nahi dute proiektu honetan ahalik eta udalerri gehienek parte hartzea eta beren proposamenak aurkeztea.

Enplegua sustatzeko Lanbidek aurkeztuko dituen proposamenen artean eskualdeko enplegu-planak dinamizatzeko laguntzak nabarmendu behar dira, eta horien bitartez Euskal Autonomia Erkidego ia osora iritsi nahi da. Gai hori da deialdiaren ardatza; proiektuak finantzatzeko hiru milioi euroko aurrekontua dago.

Laguntza-linea horren helburuak hauek dira: herritarren enplegagarritasuna hobetzea, enplegua sortzea tokiko oinarrizko enplegua sortzen duten proiektuen bitartez, eta enpresen lehiakortasuna hobetzea.

Beste dirulaguntza-lerro baten, 14 milioi

Era berean, Lanbidek tokiko garapena eta enplegua sortzeko ekintzetarako laguntza programa antolatu du, 14 milioiko aurrekontuarekin, eta horren aurrerapena aurkeztuko die ordezkari politikoei. Lerro horren helburua eskualde bakoitzeko enplegu planetatik ezarritako jardueretatik enplegua sortzen laguntzea da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak