Soluzioak modu merkean lor ditzakete orain enpresek

Leire Kortabarria 2012ko uzt. 9a, 13:46

Enpresa txiki eta ertainek produktua, negozio eredua, prozesuak… hobetzeko eta aurrera jarraitzeko laguntza behar izaten dute batzuetan; eta, krisi testuinguruan, are gehiago. Bada, horien beharrekin pentsatuta, SPRI enpresa publikoak konponbide zehatzak eta azkarrak modu samurrean lor dezaten programa ipini du abian: +Innova Txekea.

Programa berria da, eta enpresa txiki, oso txiki eta ertainei aukera bikaina ematen die: hain zuzen, euren burua hobetzeko zerbitzuak modu finantzatuan lortzea, bakarrik zerbitzu horren zati bat ordainduta; gainerakoa SPRIk ordaintzen du. 2.000, 4.000 edo 6.000 eurotan baloratutako zerbitzuak lor daitezke, hurrenez hurren 500, 1.000 edo 1.500 euro ordainduta enpresak.

+Innova Txekean parte hartzeko baldintzak hauek dira: hiru langile edo gehiagoko enpresa izatea; ETEa (enpresa txiki edo ertaina) izatea; zorretan edo 2008 baino lehenago krisian egon ez izana; eta honako jardueraren batekoa izatea: enpresa industriala, transformaziokoa, produkziora edo produktu-prozesura bideratuta, Informazio eta Komunikazio Gizarte arloa edo handizkako merkataritza.

Programaren berri zabala emateko jardunaldia antolatu du Mankomunitateko Garapen Agentziak datorren egubakoitzerako, hilak 13. Argibideetarako, Garapen Agentziara deitu, edo SPRIra: 902 70 21 42. Interneten, honako webgunean duzue informazio gehiago.

Abendurako, bukatuta

+Innova Txeke programak bideratzen dituen zerbitzuak katalogo baten batu dituzte: 26 zerbitzu mota dira. Oso zerbitzu zehatzak dira. Garapen Agentziako Amaia Irizarrek hauxe azpimarratzen du: "Helburua da soluzio konkretuak ematea. Martxan dauden negozioek, bultzada bat behar dutenek, hobetu edo berritu nahi dutenek… aukera ona dute; zerbitzu ona jasoko dute oso prezio txikian. Adibidez: pieza bat egiterakoan beti akatsa ematen badio enpresa bati, enpresa aditu baten aholkularitza jaso dezake. Zerbitzu espezializatuak dira eta benetako premiei erantzungo diete". Zerbitzuak bukatuta egon beharko lirateke abendurako.

Zerbitzua Debagoienean bertan ere lor daiteke, hemengo zenbait enpresa eta ikastetxek ere emango dituztelako: Ikerlan, Mondragon Korporazioa, CIN Advanced Systems, Miguel Altuna Institutua…

Beste laguntza mota batzuk ere badaude

SPRIren bidez beste laguntza-lerro batzuk antolatu ditu Industria Sailak. Informazio gehiago, SPRIren webgunean.

ETE (PYME) enpresendako finantzazio-programa
Enpresa txiki eta ertainei bere burua finantzatzen laguntzeko ezohiko programa prestatu du Eusko Jaurlaritzak. Datorren eguenean, hilak 12, aurkeztuko dute berau Industria sailburuak, Bernabe Undak, eta Adegi patronalak.

Bi neurri hauek dira nagusiak: finantza-erakundeekin hitzarmena, enpresei maileguak emateko: enpresa bakoitzak, gehienez ere, 750.000 euro lortu ahal izango ditu; eta, bigarrena, txoke-abalen dekretu bat, Eusko Jaurlaritzaren eta EAEko aldundien eskutik, 200 milioi euro proiektu berritzaile edo proiektu-traktoreei laguntzeko.

Ekintzaileen foroa
Eusko Jaurlaritzak Emprende 2012 delako ekintzaileen topagunea antolatu du irailaren 12rako, BECen. Enpresa-proiektua hasi duten eta bultzatu nahi dutenei, zein enpresa sortzeko laguntza behar dutenei dago zuzenduta. Helburua hauxe da: "esperientziak trukatzea, eskaintza eta eskaria batzea, eta aukerak hurreratzea".

Compite 2012 programa
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako enpresei zuzendutako SPRIren laguntza programa da, eta lehiakortasuna hobetzeko proiektuak egiten laguntzea da helburua. Horretarako, kanpo-aholkularitza eta finantzaketa eskaintzen du Compitek. Enpresek banaka edo elkarrekin eska dezakete programa horren laguntza.

E-commerce txekea
+Innova Txekearen antzeko eredua da, baina zehatzagoa: txikizkako komertzioari dago zuzenduta, eta negozio elektronikoaren eredura pausoa ematen laguntzea da helburua. Ez da bakarrik on-line saltzen ikastea; baita Interneten negozioaren baliabideei probetxu handiena ateratzen ikastea ere. Interesa duten merkatariek izena eman dezakete irailaren 7ra arte.

Resiste programa
Zorrak kentzeko arazoak dituzten denetariko enpresei –ETEak, enpresa handiak, autonomoak, komertzioak…– laguntzeko programa da. Finantza-aholkulariak kontratatzeko laguntza ematen du, negozioaren zorra berregituratzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak