"Udarekin batera iritsi da Aramaio, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza, Oñati eta Legazpiko udal liburutegiek kaleratzen dugun 2012ko Biblioporren gida. Gustura jasotzen dugu, gainera, Biblioporren eskaintza", azpimarratu digu Agirianok. Baina lana uda iritsi baino askoz lehenago hasten dute liburutegiko langileek. "Aste Santuaren bueltan, gure ingurukoekin elkartu eta liburu berrien artean hasten gara arakatzen, irakurtzen eta saltseatzen; oso gustura egiten dugun lana da, pozik hartzen dugu Debagoieneko eta Legazpiko liburutegikoek ardura hori; 20 urte bete dira Biblioporren ekimena abiatu genuenetik", azaldu digu Asun Agirianok.
Hala, irakurleei galdetu, adin tartea osatu eta aukeraketa eginez osatzen joan dira haur, gazte eta helduendako liburu, musika eta filmen urteroko gida.
"Oso garrantzitsua da liburutegiko erabiltzaileen iritzia ere. Batzuetan merkatuak eskaintzen duen guztia irakurtzea ezinezkoa egiten zaigu; beraz, gure erabiltzaileei iritzia eskatzen diegu. Irakurle fidelak ditugu, edo musika eta zinema genero konkretu baten zale direnak. Haiei eskatzen diegu laguntza", dio Agirianok.
Aukeraketa egitean, baina, zer hartzen da kontuan?: "Euskara eta gaztelaniazko edukien arteko oreka mantentzen saiatzen gara; adin tarte bakoitzeko 16 aholku egiten ditugu, zortzi hizkuntza bakoitzeko; argitaletxeen artean ere oreka mantentzen dugu. Hala, hemengo eta atzerriko argitaletxeak, ezagunak direnak, eta ez hain ezagunak aukeratzen ditugu. Generoka ere egiten dugu bildumaren sailkapena, askotarikoa izan dadin".
Argitaletxe eta liburutegietara
PDF formatuan, interesa duten guztiei bidaltzen diete aukeraketa. "Zenbait argitaletxetara, eskolatara… bidaltzen dugu Biblioporren gida. Argitaletxeek, esaterako, gure lana zein den ikusteko aukera dute; asko eskertzen dute eurek kaleratutako liburuak gure gomendioen artean egotea. Gainera, ikastetxeetan umeek gomendio horiei jarraituz, irakurri egiten dute eta batzuek erosi ere egingo dute. Argitaletxeendako garai zail hauetan ona da gure irizpideen arabera euren liburuak aukeratuak izatea. 650 ale banatu ditugu Arrasaten Lehen Hezkuntzan soilik". Agirianok azaldu digu jendeak ere gomendioa egiteko eskatzen diola liburutegian, eta pozik egiten duela, gainera.
Diseinu freskagarria
Diseinua Iraide Olaizola artista azpeitiarrarena da; urtero diseinatu du Biblioporren gidaren azala. Aurten, ideia originala eta freskagarria egin duela azaldu digu Agirianok: "Urte asko dira, eta diseinu asko. Urtero sekulako lana hartzen du. Aurten surfa aukeratu du, modako gaia da, eta itxura ezberdina eman nahi izan dio. Olatu gainean egiten du jauzi surflariak, eta non eroriko eta liburuen orri bitarteetara salto egiten du. Oso diseinu bitxia eta erakargarria egin digu, beste behin, Iraide Olaizolak".
Bergarako liburutegia
Urtero, udal liburutegi batek izaten du ardura Biblioporren gida koordinatzeko. Aurten, Bergarako liburutegiari egokitu zaio ardura hori. "Uztailean, gainera, bibliopiszina zerbitzua igerilekuko kanpoaldean emango dugu astelehenetik egubakoitzera. Lehen Hezkuntzako ikasleak dira gure erabiltzaile ohikoenak", azaldu digu Mila Agirrezabalek, liburutegiko arduradunak.