Eroskiren autobus osasuntsua abuztuan etorriko da

Leire Kortabarria 2012ko uzt. 6a, 10:59

Eroskiren autobus osasuntsua Debagoienera ere etorriko da, eta herritarron artean modu osasuntsuan jateko eta arduraz kontsumitzeko aholkuak zabalduko ditu. Izan ere, kanpaina bati ekin berri dio Eroskik, eta horren ardatza Euskal Herriko eta kanpoko 70 herritik gora zeharkatuko dituen autobusa da.

Euskal Herri osoan ibiliko da autobus hori eta Castro Urdialesera, Calahorrara eta Miranda de Ebrora ere joango da. Ibilaldia oraingo astean hasi du eta azaroan bukatuko du. Egutegian aldaketak egon daitezke, ibilaldia nola doan arabera, baina, oraingoz, arduradunek iragarri dute abuztuaren 1ean izango dela autobusa Aretxabaletan; abuztuaren 28an, Bergaran; irailaren 20an, Oñatin; eta irailaren 21ean eta 22an, Arrasateko Hiper Eroskin.

Kanpaina Bilbon aurkeztu zuten, eguaztenean, Iñaki Azkunak, Bilboko alkateak; Agustin Markaidek, Eroskiko presidenteak; Jordi Salas-Salvadók, Espainiako Elikadura eta Dietetika Federazioko presidenteak; eta Rogelio Pozok, Azti-Tecnaliako zuzendari orokorrak.

Hainbat datu eman ditu Eroskik, datu larriak, izan ere: esaterako, Euskadin bihotzeko gaixotasunak gero eta zabalduago daude; Espainiak ditu ume-loditasun indize handienetarikoak, AEBetakoak baino handiagoak; eta urtetik urtera, ume lodi gehiago dago. Gainera, batez beste, egunero 9,7 gramo gatz kontsumitzen du jendeak, Osasunerako Mundu Erakundeak gomendatzen duen bikoitza. OMEk ohartarazten duenez, trans koipeak kendu egin behar dira dietatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak