"Harrotasunez eta ilusioz" Urkullu lehendakarigai

Goiatz Arana Begiristain 2012ko uztailaren 6a

Aho batez onartu du EAJren Aberri Batzarrak Iñigo Urkullu lehendakarigai izendatzea. Adorea eta lana agindu ditu hautagaiak eta "30 urtetan funtzionatu duen proiektuarekiko fedea berreskuratzeko" nahia azaldu. "Euskal herritar, abertzale eta Eusko Alderdi Jeltzaleko militante gisa" amestu zezakeen saririk handiena dela gaineratu zuen, hunkituta. Hautagaitza onartzea kosta egin zaiola esan zuen, "ondo" hausnartu duela eta "zaila" izan dela erabakia hartzea. Txalo zaparrada jaso zuen.

Hunkituta agertu zen atzo, eguena, jendez lepo egon zen Bilboko Campos Eliseos antzokiko eskenatokian. EAJko afiliatu bakoitzari esker onak eman zizkion emandako "konfiantzagatik" eta "adore, gogo eta lan guztia" hitzeman zituen trukean. "Lana, lana eta lana" egingo duela ziurtatu zuen, "zintzotasuna" izango dela bere jarreren araua, bete ezin duen ezer ez duela aginduko eta herritarrei egia esateko konpromisoa hartzen duela.

Urkulluk Lehendakari ikusten du bere burua eta, atzotik, "bide berri baten hasieran" sentitzen da. Bere indarra aberriaren eraikuntzara bideratuko duela agindu zuen eta alderdiaren hobe beharrez jardungo duela gehitu: "Alderdia nire bizia da, are gehiago, gaurtik aurrera. Gure alderdiaren helburuak nire helburuak dira, eta izango dira".

Baina aurrera begira jarri aurretik, atzera begiratu zuen, hasierako hazia indartu nahi duela esanez: "Iturri zaharretik edango dugun ur berria". Eredutzat dituen lehendakari ohiak, jeltzale guztiak, izan zituen gogoan. 

"Garai berri baten atarian"

Hautagai gisa egindako lehen hizketaldian egungo egoera izan zuen hizpide, ezker abertzalea jarriz garai horren erdigunean: "Orain, ezker abertzalea, amets gaiztoak atzean utziz, demokraziaren mundura etortzen ari da. Oraindik bidean daude, baina badatoz. Bazen garaia!". Urkulluren hitzetan, "demokraziaren bidetik" joanda, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakiko du. 

"Hirurteko beltza"

Urkulluren esanetan, krisi ekonomikoak eta "PSE-PPren hirurteko beltzak" utzitako egoera iraultzeko unea da: "PSE-PP itunak kale egin du. Espainiak kale egin du Euskadin eta orain Euskadik aldaketa eskatzen du. 30 urtetan funtzionatu duen proiektuarekiko fedea berreskuratu behar dugu. Euskadi berpiztu behar dugu, pertsonak eta baloreak oinarri hartuta".

Elkarrizketa eta akordioaren aldeko apustua ere egin zuen lehendakarigaiak, bai krisitik ateratzeko, bai "bake iraunkor eta justua irabazteko". Elkarbizitza demokratikoa berreraikitzeko eta memoria duen gizarte justuan elkarbizitzeko adostasuna eskatu zuen,  baita burujabetzan eta autogobernuan sinesteko ere. Garai zailak datozen arren, guzti hori egingo duela esan zuen Urkulluk, eta bere alderdia "euskal gizarteak jartzen duen lekuan" egongo dela beti gaineratu. 

EBBko buruzagitza

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari aukeratzen badute, Euzkadi Buru Batzarreko presidentetza utzi beharko du, EAJko barne arauek zehazten dutelako bi kargu horiek ez direla bateragarriak. Urkullu EAEko lehendakari balitz, beraz, EAJk barne prozesu berri bati ekin beharko lioke EBBko lehendakaria aukeratzeko.

Ibilbidea

Alonsotegin (Bizkaia) jaio zen Iñigo Urkullu, duela 50 urte. Herriko EGI gazte erakundean hasi zuen ibilbide politikoa, eta han izan zituen lehenengo ardura politikoak ere: herriko EGIko arduradun aurrena, eta EGIko zuzendaritza nazionalean gero. Oso gazte ekin zien ardura handiagoei ere: 23 urte besterik ez zituen BBBko kide izendatu zutenean, eta 25 besterik ez Eusko Legebiltzarrerako parlamentari aukeratu zutenean.

Alderdien egituretan leku propioa hartzen 1996an hasi zen, Bizkaiko alderdikideekin batera. Alderdi barruko hainbat tirabira irabazi zituen ordutik: erabakigarriena, Xabier Arzalluzen ondorengoa aukeratzeko prozesuan, Josu Jon Imazen hautagaitzaren alde egin zuenekoa.

Euskal Filologian diplomatua da Urkullu; 2007tik, EBBko presidente. BBBko buru ere aukeratu zuten, 2000.urtean.

Gipuzkoako zerrenda osoa

  1. Joseba Egibar Artola
  2. Bakartxo Tejeria Otermin (Legebiltzarreko presidente izateko hautagaia)
  3. Maria Eugenia Arrizabalaga Olaizola (Zinegotzia Antzuolako Udalean)
  4. Alex Etxeberria Aramburu
  5. Maribel Vaquero Montero
  6. Kerman Orbegozo Uribe
  7. Ane Urkiola Alustiza
  8. Garbiñe Mendizabal Mendizabal
  9. Luke Uribe-Etxebarria Apalategi
  10. Felix Urkola Iriarte
  11. Mertxe Garmendia Bereziartu
  12. Jokin Bildarratz Sorron
  13. Iñaki Agirre Arizmendi
  14. Maria Eugenia Iparragirre Bemposta
  15. Eva Juez Garmendia
  16. Xabier Insausti Sarasola
  17. Karlos Ormazabal Urkizu
  18. Nahikari Otermin Soroa
  19. Imanol Lasa Zeberio
  20. Olatz Peon Ormazabal
  21. Itziar Agirre Berriotxoa
  22. Aitor Urrutia Oianguren (Zinegotzia Eskoriatzako Udalean)
  23. Ainhoa Galdos Olazar (Zinegotzia Oñatiko Udalean)
  24. Alfredo Etxeberria Murua
  25. Xabier Iridoy Olaizola

Araba

  1. Xabier Agirre Lopez
  2. Jone Berriozabal Boveda
  3. Javier Garro Iglesias

11. Izaskun Moyua (Oñatiarra)

Bizkaia 

  1. Iñigo Urkullu Renteria
  2. Andoni Ortuzar Arruabarrena
  3. Arantza Aurrekoetxea Bilbao

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak