Goiena "beharrezkoa edo oso beharrezkoa" herritarren ustez

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko uztailaren 4a

Goienako hedabideak beharrezkoak edo oso beharrezkoak dira debagoiendarren %97,8rendako eta pluralak dira, hau da, ez daude ideologia edo indar ekonomiko jakin bati lerrokatuta, %72aren ustez. Horiek, Aztiker soziologia enpresak 800 debagoiendarri egin dien inkestaren emaitzarik esanguratsuenak dira.

Azterketa horren berri eman zuten eguaztenean, jendaurrean, Aztikerrek Arrasaten, Kulturateko areto nagusian.

Bertara batu dira Goienako langile, kolaboratzaile, kontsumitzaile, erabiltzaile, bezero, bazkide eta baita hainbat erakunde edo elkarteetako ordezkariak ere. Aurkezpenean izan dira, besteak beste: Eusko Jaurlaritzako Berrikuntzako zuzendari Xabier Zabaltza; Josu Zabala Mondragon Unibertsitateko errektorea; Xabier Zubizarreta Txiron eta Lourdes Idoiaga, Arrasateko eta Oñatiko alkate ohiak, hurrenez hurren; Juan Karlos Garitano, Arrasateko zinegotzia; Jaione Isazelaia, zinegotzia Bergarako Udalean; Iban Retolaza, Elgetako zinegotzia eta Goibeko elkarteko kidea; Mikel Irizar eta Joxe Rojas, Topaguneko lehendakaria eta Hedabide saileko arduraduna, hurrenez hurren; Edorta Arana, EHUko irakaslea; Rufina Olasagasti, kolaboratzailea;...

2012ko urtarrilaren 26tik otsailaren 10era egin zizkieten inkestak, 15 eta 54 urte bitarteko Debagoieneko herrietako biztanleei; 800 laguni, hain justu ere.

Aztikerren azterketaren ondorio nagusiak hauek dira:

  • Goiena proiektu sustraitua eta independentea da.
  • Beharrezkoa edo oso beharrezkoa.
  • Inora ez lerrokatua eta, lerrokatuta dagoela diotenen artean, oso banatuta.
  • Herritarrek informazio lokala lehenesten dute, euskaraz izatearen aldean.
  • Aldizkaria da hiru hedabideen artean indartsuena.
  • Erdaldunek iritzi positiboa dute Goienarekiko eta, ulertzen ez duten arren, ikusi eta gainbegiratzen dute.

Paperekoa nagusi

Goiena paperekoa da Goienako hedabiderik ezagun eta erabiliena; Goienako hedabiderik erreferentzialena eta jarraitzaile gehien dituena ere bada.

Goienako hedabideen artean paperekoa da nagusi. Debagoiendar guztiek (%99,5ek, zehazki) ezagutzen dute Goiena paperekoa. Eta, horien artetik, gehiengo handi batek (%91,5ek) aitortu du inoiz irakurri edo begiratu duela.

25.000 lagunek papera astero: %73,6

Inkestatuen artean, bost irakurletik lauk, azken astean irakurri dutela erantzun dute (%82,3). Batez beste, 23 minutu eman dituzte Goiena paperekoa irakurtzen. Hori Debagoieneko herritar guztietara ekarriz, ondorioa da Debagoieneko herritar guztien %73,6k irakurtzen duela astero Goiena paperekoa, hau da, 25.000 lagunek. Horrek bihurtzen du, askogatik, hedabiderik irakurriena Debagoienean, gainerako euskarrietatik urrun.

Zertxobait ezagunagoa da gazteen artean helduen artean baino, halere, gehien irakurtzen dutenak 26-35 urte bitartekoak dira.

Papera Bergaran gehien

Herrika, aldizkariak gehien sartzea lortzen duen herria Bergara da: herritarren %77,1; ondoren, Oñati (%73,4), Aretxabaleta (%71,6) eta Arrasate (%69,5).

Herriko gertaerak, informazio gertukoena da gehien baloratzen dena Goienako hedabideetan eta, bereziki, paperekoan; norberaren herrikoa.

Goiena.net herritarren erdiak ezagutzen du

Goiena.net, Debagoieneko Interneteko ataria, debagoiendarren erdiak (%48,7) ezagutzen du. Datu esanguratsua da, Goienaren hedabiderik gazteena dela kontuan izanda. 2004an sortu zen. Baina aukerak zabaltzen zaizkio Goienari bere Interneteko ataria ezagutzen ez dutenak bereganatzeko, populazioaren beste erdiak ez duelako ezagutzen.

Goiena.net ezagutzen dutela esan dutenen artean, %79,5ek diote inoiz bisitatu dutela eta %19k bezperan bisitatu zutela. Batez beste, 15 minutu eman zuten bertan nabigatzen.

Goiena.net gazteen artean eta Oñatin bereziki

Gazteen artean da, bereziki, bisitatua Goiena.net: %62,8k ezagutzen du; helduen artean, %37,5ek.

Herrika, Oñatin du, bereziki, sarbidea Goiena.net-ek: %8,1; ondoren, Arrasaten (%6,8) eta Bergaran (%6,7), eta ondoren, Aretxabaletan: %5,5.

Gustuko ataria

Inkestatuen artean, balorazio positiboa egiten dute erabiltzaileek Goiena.net-i buruz: nota, 7,4koa da, 0tik 10ekora bitartean.

Eta bisitatu duten ia guztiek gustuko dute ataria (%96,6).

Goiena telebista, %91ek ezagutzen du

Debagoieneko telebista hamar inkestatuetatik bederatzik ezagutzen dute. Eta, ezagutzen dutenen bostetik lauk (%81,4) telebista kate hori noizbait ikusi dutela diote. Herritarren %14,2ak bezperan ikusi duela dio eta, batez beste, 24 minutu eman ditu ikusi eta entzuten.

Aretxabaleta da Goiena telebista gehien ikusten den herria (%19,3). Ondoren, Oñati (%17,2), Arrasate (%7,3) eta Bergara (%6,6).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak