LABek antolatuta, bizikleta martxa uztailaren 12an

Txomin Madina Milikua 2012ko uztailaren 4a

Egun bizi dugun egoerari erantzuteko eta langileen eskubideak aldarrikatzeko bizikleta martxa antolatu du LAB Sindikatuak datorren uztailaren 12rako. Debagoienean, Eskoriatzatik irtengo da martxa, eta herriz herri pasa ostean, Eibar izango da helmuga.

Debaldea bizirik, enplegua eta eskubideen alde, burujabetza ekonomiko eta soziala lelopean bizikleta martxan egingo dute uztailaren 12an LAB sindikatuak antolatuta. BI zutabe izango ditu martxak: bata Mutrikutik irtengo da, bestea Eskoriatzatik eta biek ere Eibarren izango dute helmuga.  09:30etan irtengo da Eskoriatzako zutabea, eta herriz herri pasako da arratsaldeko bostak aldera Maltzagan Mutrikutik datozenekin elkartu eta Eibarrera joateko. Han, 18:30etan manifestazioa egingo dute. Martxak geldialdiak egingo ditu herri bakoitzean, bertan bizi den egoera ezagutzeko. Hala, langile eta eragileekin bilduko dira, baita emakume, gazte eta helduekin ere. Arrasaten esaterako, Debagoieneko Ospitalera joango direla iragarri dute.

LABetik salatu dute krisi ekonomikoaren aitzakiarekin patronala, banka eta lekuan lekuko gobernuak langileriaren kontrako neurri onartezinak hartzen dabiltzala. Gaineratu dute gure bailaran egoera hobeto dagoela uste arren, gurean ere langabeziak asko egin duela gora, enpresek  itxi beharra izan dutela eta banakako kaleratzeak ere ugari izan direla.

Espainiarekin haustura eta eredu propio bat eraikitzeko beharra

Esan dute baita ere ozen aldarrikatzen dutela sindikatu soziopolitikoa direla, Euskal Herria independiente eta sozialista eraikitzea dutela helburua eta bide horretan euskal esparru sozioekonomikoaren defentsa egiten dutela. Hala, lehenbailehen Espainiarekin hautsi eta eredu propioa eraiki beharra azpimarratzen dute. "Tresna politiko ezberdinak behar ditugu langileriaren mobilizazioarekin batera. Alternatiba berri bat eraiki behar dugu eta horren motorra langile klasea izan behar gara, besteak beste gehiengoa garelako" azaldu du LABeko ordezkari Jose Ramon Kortabarriak.

Gaineratu dute beste eredu ekonomiko eta sozial bat lortzeko bidean beste politika sozial eta ekonomiko batzuk aplikatzea ezinbestekoa dela, eta esan dute bizikleta martxa, aurrerantzean martxan jarriko duten dinamikaren lehen urratsa izango dela.

Egitaraua

- 9:30 Eskoriatzan irteera. Tesa gaitzat hartuta, argazkia osatuko dute merkataritza eta industriaren inguruan. Irteera 10:30etan Eskoriatzako plazatik.

- 10:00- 10:20 Eskoriatza- Aretxabaleta. Basabe poligonotik pasa eta baita Arizmendi ikastetxetik ere, hezkuntzan murrizketak aztertzeko. Irteera 10:45etan

- 10:45- 11:00 Aretxabaleta- Arrasate. Kooperatibistekin bildu eta eredu sozioekonomiko desberdina aldarrikatu. 11:30etan irten. Arrasaten Debagoieneko Ospitalera joango dira       

- 11:30- 12:00 Arrasate- Elorregi- Oñati (Oñatitik 11:00etan da irteera ordua, 12:00etan Elorregin egoteko)

- 12:00- 12:30 Elorregi- Bergara. Irala kalean, merkataritzaren gaia jorratuko dute. Irteera 13:00etan.

- 13:00- 13:45 Bergara- Soraluze. Soraluzeko egoera ekonomikoa azterketa eta bazkaria. Irteera 16:30etan

- 16:30- 17:00. Soraluze- Maltzaga. Mutrikutik datozenekin  bat egin eta Eibarreraino elkarrekin joango dira.

- 17:00- 17:45 Maltzaga- Eibar

- 18:30etan, manifestazioa Eibarren

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak