Azken orduko plan merkea gura dute aurten debagoiendarrek

Leire Kortabarria 2012ko uzt. 5a, 02:00

Ofizialki, laugarren krisi urtea dugu honakoa; hala ere, udako oporrei dagokienez, aurten inoiz baino gehiago igarriko dute debagoiendarrek eta Debagoieneko bidaia-agentziek. Normalean martxoan hasten dira debagoiendarrak abuztuko bidaia antolatzeko informazio bila, baina, aurten, ekaineko azkeneko astean, oraindik oso jende gutxi dabil agentzietan.

Krisia hasi berri ez denez, zergatik, bada, aurten geldiune hori? Arrasateko Barcelo bidaia agentziako Maite Agirianok azpimarratzen du, hain zuzen, horixe izan daitekeela arrazoi bat: krisiaren ondorioak pilatzen joan direla: "Iaz krisian geunden… eta aurten, hala jarraitzen dugu". Gainera, Arrasaten behintzat, bere iritziz, jende asko "lehendik arrastatzen" datorren egoera bat da: "Lehen, ondo geundenean, oporretan joateko diru-mailegua eskatzen bazuen jende askok, pentsa orain!", esaten du.

Arrasate Bidaiak agentziako langile Amanda Sanchezek ere "mugimendu txikia" dagoela onartzen du, baina ez denbora guztian: "Joan den astean lanez lepo ibili naiz; baina beste aste batzuetan, oso jende gutxi dator". Izan ere, bere iritziz, "jendea azken momentuko eskaintzen zain dago; agentziara doazenean, biharko edo etzirako bidaia gura izaten dute".

Oñatiko Eroski Bidaiak agentziako arduraduna da Marisa Unzueta. Berak beste ikuspuntu bat ematen du: "Jendea aspaldi hasi zen oporrak antolatzen eta agentziara etortzen. Kontua da handizkakoek, maioristek, orain saritu egiten dutela goiz ibiltzea, eta deskontuak-eta ematen dituzte kasu horietan". Beraz, eskaintza horiek lortu gura izan duenak "aurrea hartu" du, bere esanetan.

Untzuetak ere igartzen du egoera asko aldatu dela krisirik ez zegoenetik hona. Hil bukaeretan ere bezero gutxiago izaten dituztela esaten du. "Uztail hasieran jende gehiago etortzea espero dugu. Orain lehen baino eskaintza eta deskontu gehiago dago".

Irteeraren bat egingo dutenak, beraz, gutxiago izango dira; eta egiten dutenek ere beherapenak aplikatu dituzte aurrekontuan eta asmoetan, Barcelo agentziako Maite Agirianok esaten duenez: "Jendeak irteten jarraitzen du; baina irteerak lehen egiten zirenekiko oso desberdinak dira: lehen hotelera joaten zirenak orain apartamentura doaz, adibidez". Eta nora joan ere argi dute bezeroek, Agirianoren esanetan: "Saldu dugunetik, kostaldera, Kanariak eta Balearrak, Europara bidaiaren bat… horixe izan da". Europatik kanpo ia ezer ez da saltzen.

Ehunendako bidaiara, hiru 

Bidaia-agentziek handizkakoek, maioristek saltzen dutena eskaintzen dute, eta hori gakoa izaten da, bai agentziendako, bai azken bezeroarendako ere. Barcelo Bidaietako Maite Agirianok dioenez, "jendeak irteten du, hartzen ditu bidaiak, baina ez multzotan; ez da jende-multzorik osatzen, eta hori da sektore hau mugitzen duena, multzoak. Pentsa: maioristak 100 lagunendako antolatzen badu, eta hiru lagun bakarrik agertzen badira…" Horren eraginez, bidaia-agentzien sektorea ere gaizki pasatzen dabil: deskontuak eurek aplikatzen dituzte, eta, Agirianok dioenez, "merkataritza sektoreko komisio txikienetarikoak" dituzte agentziok: "Ez dakit zelan agentzia batzuek %20ko deskontuak eskain ditzaketen; %13 dagoeneko gure komisioaren erdia da". 

Krisiaren ondorioz, "dena aldatu" dela uste du Agirianok: "Lehen, gehiago arriskatzen zen; orain, ez. Esaterako, maioristek dagoeneko ez dute hegaldian plazarik erosten, ez badituzte saltzen diru hori galtzen dutelako".

Agentziek lan egiteko modua aldatu behar izan dute, garai berrietara egokitu, alegia, Amanda Sanchezek azaltzen duen moduan: "Bidaia-agentzia guztiak maioristekin ibiltzen garenez, lehen, gehienek oso gauza antzekoak eskaintzen genituen. Guk, lehen, pare bat maioristarekin egiten genuen tratua; bada, orain, gutxienez laurekin egoten gara, zerbait berezia, desberdina eskaintzeko".

Luparekin begiratu 

Krisiaren ondorioz, bezeroek aurrekontuak txikitu dituzte, eta zorrotzagoak dira: "Gero eta gehiago begiratzen dute aukeratu aurretik. Bestalde, oporretan joan barik ez da geratzen jendea, baina lehen 15 egunerako joaten zena orain 12 egunerako joaten da; lehen urtean bi aldiz irteten zena, orain behin…", esaten du Eroski Bidaietako Marisa Unzuetak.

Ahalik eta gastu gutxien egin gura dute bidaiariek. Krisiak hilzorian utzi ditu garai bateko opor-paketeak; orain, beste modu batera kontratatzea gurago dute bidaiari gehienek. Amanda Sanchezek esaten duenez, "hegaldia edo hotelera joatea norberaren kontu izatea-eta eskaintzen da". Izan ere, garraioa, opor-lekuan norberak egin nahi dituen ekintzak, aurretik kontratatu nahi dituen zerbitzuak… hori dena aparte erosteko joera gero eta handiagoa da; bezeroak malgutasun handiagoa eskatzen du.

Aurrezteko beste modu bat Internetez kontratatzea izaten da, eta, Internet gero eta tresna arruntagoa eta zabalduagoa denez, on-line dauden enpresak ere gero eta sendoagoak dira eta jendeak gero eta konfiantza handiagoa du haiengan.

Hegaldien prezioak ez dira txikitu; aitzitik, gora eta gora jarraitzen dute, nahiz eta jendea krisi gorrian egon. Horren zergatietako bat da Spanair enpresa itxi izana: orain, hegaldiak, Espainian behintzat, Iberia eta Air Europaren artean banatzen dituzte, eta prezioak nahi bezala ipini ditzakete.

"Beldur handia dago" 

Beraz, malgutasuna, azken orduko emaitzak eta, batez ere, %100eko ziurtasuna eskatzen du bezeroak. Oporretan joan, bai, baina ez orain urte batzuk arte egiten zen bezala. Horren konponbidea? Maite Agirianoren esanetan, "jendeak kontsumitzeko beldur handia du, hori da konpondu beharrekoa. Zelan? Ez dakit, baina horri heldu behar diote".

-----------------

Gehiago irten, gutxi gastatuta

-Ipsos-Europ Assistance Barometroaren arabera, Hego Euskal Herrian eta Espainian, biztanle bakoitzak 1.863 euro gastatuko du udan, iaz baino 74 gehiago.

-Hala ere, gutxiago irtengo dute herritik: gutxienez behin irteteko asmoa agertu dute %51k, iazko %65ekin alderatuta.

-Europarren artean, Hego Euskal Herrian eta Espainian dago udan bidaiatzeko asmoa duten jende gutxien. Asmo hori gehien txikitu den herrialdea Italia da –%63, iaz baino 15 puntu gutxiago.

-Hego Euskal Herrian eta Espainian, galdetutako gehienek –%66– esan dute oporretan aurrezteko asmoa dutela.

-----------------

Amanda Sanchez | Arrasate Bidaietako langilea

Arrasate Bidaiak agentziako langilea da Amanda Sanchez. Bere esanetan, oporretan joateko, azken uneko eskaintzak nahi izaten ditu jendeak; bestalde, orain, urte osoan izaten dira deskontuak.

Jendea gutxiago joaten ei dabil aurten bidaia-agentzietara. Zuk ere hala bizi duzu? Bai, egia da, gutxiago mugitzen dabil jendea. Azkeneko momentuko eskaintzen bila etortzen dira orain bezeroak. Bidaia hasi baino bi egun lehenago etortzen dira, eta "biharko edo etzirako" eskatzen dute irteera.

Aurten, beste urte batzuekin alderatuta, zelan zabiltzate? Normalean, jendea martxoan hasten da abuztuko plana egiteko galdezka, eta aurten, badabil, baina oraindik gutxi. Iaz igarri genuen krisia, baina aurten, txarrago dago kontua; ez dago ia mugimendurik. Bestalde, igartzen da jendea aldika etortzen dela: adibidez, azken bi egunetan lanez lepo ibili naiz, baina, aldi batzuetan, aste oso baten oso jende gutxi etortzen da. Horrela gabiltza orain.

Bidaia hartzen duenak norako hartzen du? Espainian bidaiatzen dute. Baina, bestalde, dirua daukana badoa beste bidaia garestiagoetan: Poloniara bidaia 15 lagunek hartu dute dagoeneko. Ez dakit aurten Polonia modan dagoen edo, baina hala da. Orokorrean, kostaldera, uharteetara… saldu dugu. Europa oso gutxi saldu dugu, eta Europatik kanpo bat ere ez, oraindik: beste urte batzuetan, Cancun, Punta Cana… eskatzen zizkiguten, eta aurten, oraindik, halakorik ezer ez.

Zuen, agentziaren lan egiteko modua aldatu da? Bai. Lehen bi maioristarekin egiten genuen lan; orain, agentzia guztietan gauza bera edo oso antzekoa eskaintzen dugunez, lauzpabost maioristari galdetzen diegu. Eskaintzen saiatzen gara hegaldia edo garraioa norberaren kontu egitea, zerbait desberdina eskaintzeko, eta bezeroaren gastuak ahalik eta txikienak izateko.Eskaintza bereziak ere egiten ditugu, baina urte osoan zehar dagoeneko egiten ditugu deskontuak. 

Jendeak beste ezertan txikitzen du gastua? Adibidez, hotel merkeagoetara joan. Ez hainbeste; hala, urtero leku berera eta hotel berera joaten den jendea dago. Gainera, behin bidaian joanda, dena hartuta joatea gura izaten dute bezeroek: hondartzara doanak mantenu osoa hartzen du, badakielako otorduak-eta kanpoan eginez gero, gastuak handiagoak izango direla.

On-line ere erosiko du askok. Bai. Uneko tarifak lor daitezke horrela; baina horrek eskatzen du unean bertan erabakitzea, prezioak egun batetik bestera handitzen direlako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak