Pedalkada biziz aldarrikapena, Biziz Gira ekimenekoek gaur Debagoienean

Irati Goitia 2012ko uztailaren 3a

Biziz Gira bizikleta martxa Debagoienean barrena ibiliko da gaur. 70 lagun inguru dabiltza parte-hartzen Gipuzkoan barrena egiten dabiltzan ibilbidean; Euskal Herrikoak zein Espainiakoak. Atzo iritsi ziren Arrasatera eta Uarkapen pasa dute gaua. Gaur goizean ekin diote berriro ibilbideari 10:30ak inguruan. Aramaiorantz abiatu dira. Handik, Untzillatik behera, Aretxabaletara jaitsiko dira eta Urkulurako bidea hartu. Urtegian bazkalduko dute. Ondoren, Arrasatetik Oñatira joango dira eta Zubikoa kiroldegian pasako dute gaua.

Donostiako Kalapie eta Oñatiko Txirrinka elkarteek antolatzen duten ekimena da eta helburu dute elkarbizitza bultzatzea. "Oinezko eta txirrindularien arteko errespetua beharrezkoa da eta baita errepideetako erabiltzaile ezberdinen arteko elkarbizitza" esan digu Daniel Enparantza Txirrinka elkarteko kideak.

Azpiegiturak ere ezinbestekoak direla adierazi du. Eta, hain zuzen, Debagoienera horrexegatik etorri direla zehaztu digu Enparantzak: bidegorrien lanei bultzada bat emateko. Bailarako herriak bidegorriaz lotzea egunerokotasunerako oso garrantzitsua dela gaineratu du.

Eusko Jaurlaritzak 98an egin zuen ingurumen deklarazioa ere ekarri du gogora Txirrinka elkarteko kideak. Deklarazio horren arabera, AP-1 egitearen ordainez, Debagoienean bidegorria egin behar zen. Oraindik, baina, egin gabe dago eta horixe kritikatu du Enparantzak. 

Aldarrikapen horiek gure bailan egingo dituzte gaur. Izan ere, atzo iritsi ziren Arrasatera. Uarkapeko pilotalekuan gaua pasa ostean, 10:30ak inguruan ekin diote berriro ibilbideari. Aramaio, Aretxablatea, Urkulu eta Arrasatetik pasa ostean, Oñatin amaituko dute gaurko martxa. Zubikoa kiroldegian egingo dute lo. Zapatuan amaituko da Bizi Gira ekimena Donostian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak