1. Prentsa-arrosako kazetaria zeuk aukeratuta edo halabeharrez?
Aukeratuta. Radio Popularren hasi nintzen informazio arrosa lantzen duela asko, eta hau izan dut bidea: ez zait gustatzen tristurak kontatzea; guk egiten duguna entretenitzeko da. Badakit hutsalkeria dela, eta horrela hartu behar da.
2. Askotan defendatu behar izan duzu zeure burua prentsa arrosan aritzearren?
Ez. Jende arrunta baino okerragoak dira informazio serioa jorratzen duten kazetari batzuk; askotan goitik begiratzen zaituzte. Baina informatibo batzuk ikusi besterik ez dago morboa non dagoen ikusteko.
3. Euskaldunok, dioten bezain prentsa-arrosa zaleak al gara?
Jendeak ez du esaten saio arrosak ikusten dituenik, baina Euskal Herrian asko ikusten da. Ez da interesatzen, baina interesatzen da.
4. Egun, prentsa-arrosako kazetariak ez dira famatuak baino protagonistago?
Batzuk bai, eta oso gaizki deritzot. Krisia denontzat da eta askok, lan egiteko, pertsonaia bihurtu behar izan dute. Nik ez dut balio; dirua irabazten da, baina ezin dut.
5. Esklusiba bat lortzeko, edozerk balio du?
Ez, muga legean eta norbere moralean dago. Ni ez naiz aberats hilko, horretarako moral lasaiagoa beharko nuke. Ez diot hobea naizenik, baina bada gauzak egiteko beste modu bat.
6. Pantoja auzitegietan. Errudun ala errugabe?
Epaiketa amaitzean ikusiko da, presuntzioa ezin da galdu. Baina hor dago gauza asko gaizki egin dituelako, eta ikusmina dago berak sortu duelako esklusibekin-eta. Baina ezin gara hipokritak izan: kazetarioi ondo datorkigu edozeinek esklusibak saltzea.
7. Isabel Preysler edo Belen Esteban; zurito bat hartzeko, nor?
Preysler, oliba jaten duen ikusteko. Gauza asko esaten dira eder egoteko egiten dituenei buruz. Asko zaintzen du irudia: telebistara deitzen du planoak aukeratzeko, esklusibetan sartu beharreko photoshop-ak ere zehazten ditu...
8. Lanean, ironia da zure ezaugarrietako bat. Lanetik kanpo baita?
Jendeari gustatuko zaio edo ez, baina naizen modukoa ateratzen naiz; lanean eta bizitzan zu zeu izan behar zara. Natural, naturalegi azaltzea, nire iritziz ona da.
9. Errealitatetik deskonektatzeko darabilte askok prentsa-arrosa. Zuk horretarako, prentsa ekonomikoa?
Hainbeste gustatzen zait nire lana... Beste gauza asko ere irakurtzen ditut, baina prentsa arrosa irakurtzeak niretzat ez du lana suposatzen.
10. Bi aste barru "Bai, nahi dut" esango duzu. Dena prest?
Bai! Ataunen ezkonduko naiz, gurasoen herrian, gaztetasuna pasa dudan lekuan. Sekulako emozioa da niretzat; nire urtebetetze eguna da gainera!
-----------------
Makila magikoa baneuka: "Sekulako pena ematen didate oraingo gazteek, unibertsitatetik irteten direnek edo ikasten dabiltzanek; orain ez dute etorkizunik. Makilarekin krisia amaituko nuke. Oraingo ikasleek meritu handia dute gainera: ez daukate etorkizun handirik, eta halere, ikasten saiatzen dira".