Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban, 31 frankizia sortu ziren iaz (+%10), eta 2.465 zeuden urtea bukatu zenean. 700 milioi euro gehitu zizkioten euskal ekonomiari eta 300.000 lanpostu finko baino gehiago sostengatzen zituzten; iaz bakarrik, 10.000 lanpostu sortu zituzten. Nafarroan, bestalde, 1.067 frankizia zeuden 2011 bukaeran, eta horietatik 14 urtean sortutakoak ziren. Guztira, 250 milioi fakturatu zituzten eta 4.000 lanpostutik gora sortu eta mantendu zituzten.
Hazkunde horrek jarraitu egiten du, izan ere, Erpasak dioenez, 2012ko lehenengo hiruhilekoan enpresen lehenengo aukera zen frankiziaren formula negozioa nazioan eta nazioartean sustatzeko. Gehienbat, zerbitzu sektoreko frankiziak hazi ziren, eta retail azpisektorekoek lehengo erritmoari eutsi zioten.
Autoenplegurako lehen aukera
Bi mota nagusikoak dira frankiziak, Erpasaren esanetan: bat, enplegurik topatzen ez duten langabeendako "lehenengo aukera profesionala" da, autoenplegu formula gisa; bestea, euskal enpresek zentral frankiziatzaile lana egitea, enpresa zabaltzeko.