Udal zergak aldatzeko proiektua ontzat eman dute Batzar Nagusiek

Leire Kortabarria 2012ko uzt. 2a, 14:37

Foru Aldundiaren "konpromisoa" da "fiskalitate sendoa" eta soziala egitea, ahaldun nagusiaren esanetan, eta kontestu horretan azaldu zituzten berak eta Ogasun diputatuak azken egunotan aurrera egin duten bi proposamenek: bat, udal zergak aldatzekoa, eta bestea, Sozietateen Zerga moldatzekoa.

Halaber, PFEZ zergan egindako aldaketak, Ondare Zerga berreskuratzea eta Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga moldatzea testuinguru horretan aipatu zituzten.

Lehenengo, urtebete honetan, zerga erreformari heltzea Gobernuaren lehentasunezkoa dela gogoratu zuen Garitanok, eta horretan buru-belarri jardun zuela.

Bigarren etxebizitzari errekargua

Azken egunotako proposamenei dagokienez, ekainaren 27an Batzar Nagusietako Ogasun Batzordeak udal zergetan aldaketak sartzeko foru arau proiektuari aldeko irizpena eman zion, Aralarren, PSEren eta Bilduren aldeko botoen bidez. Ohiko etxebizitzak ez direnei errekargua jartzeko aukera zabalik geratzen da. Ogasun diputatuak, Helena Francok, egubakoitzean esan zuenez, "urteetan blokeatuta egon den gai bati irteeera eman zaio" horrela.

Arau proiektua azkenean onartzen bada, beraz, etxebizitza bat baino gehiago dutenek gehiago ordaindu beharko dute, "beti ere, neurri baten barruan", esan zuen Francok. Neurri hori "justizia sozialaren ikuspegitik modu aurrerakoi baten" egingo dela azaldu zuen. Bere iritziz, "bereziki pozgarria" izan zen neurri hori onartu izana, izan ere, "toki-entitateei krisi ekonomikoaren aurrean baliabide batzuk hobetzeko aukera emango baitie", esan zuen.

Sozietate Zerga aldatzeko Aldundiak proposatutako Talde Txostengilearen ondorioen dokumentuak aurrera egin zuen ere Batzar Nagusietan, PSE, Aralar eta Bilduren botoen bidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak