Salvador Gonzalez: "Etxe kaleratzeak geratzeko abiarazi dugu sinadura batzea"

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko uzt. 3a, 02:00

Salvador Gonzalez bergararrak etxe kaleratzeekin bukatzeko lanean dihardu, Ezker Anitza eta Stop Desahucios elkarteko ordezkari moduan. Debagoienean dagoeneko 700 sinadura inguru batu dituztela aurreratu du Arrasate irratian egindako elkarrizketan, baina helburua askoz gehiago batzea da.

Sinadurak batzen diharduzue eta asteon Arrasaten egon zarete. Zela joan da?

Ondo. 160 bat sinadura batu genituen. Aurretik Eskoriatzan eta Bergaran ere izan gara eta asmoa da bailarako herri guztietan jasotzea sinadurak. Hasi ginetik 700 bat sinadura batu ditugu Debagoienean.

Estatu osoko ekimena da eta behin guztiak batuta kongresura eramango dituzue.

Bai. Espainiako Kongresuan herri ekimen legegile bat aurkeztea da asmoa etxebizitza kaleratzeak legez saihesteko. Herri ekimena Kongresuan aurkeztu ahal izateko, urriaren 30a baino lehen, 500.000 sinadura jaso behar ditugu. 

Hiru helburu ezarri dituzue.

Kaleratze guztiak geldiaraztea, etxebizitzak ohikoak diren kasuetan eta ez ordaintzearen arrazoia kaltetuaren borondatearen aurka gertatzen denean; banketxearekin zorra kitatu ahal izateko, etxebizitza ordainean emateko aukera kaltetuen eskubide bat izatea; eta etxea galtzekotan daudenek etxebizitza berean bizitzen jarraitzeko eskubidea izatea, gehienez irabazien %30eko errenta ordaintzearen truke. 

Halako kasu bat gertutik ezagutzen duzue.

Lankide bati gertatu zitzaion, Soraluzen. Alokabideko etxe batean bizi zen eta zenbait hilabetez langabezian egonda ezin izan zuenez alokairua ordaindu, bat batean kaleratzea planteatu zuten. Eta geratzea lortu genuen.  

Debagoienean ezagutzen duzue beste kasurik?

Badira, baina ez hain larriak. Stop Desahucios elkartea sortu aurretik badakit gertatu zela kaleratze bat, baina kasua ez dut gertutik ezagutzen.

Aholkularitza ere ematen duzue.

Halako egoera baten dagoenak deitzeko guri eta martxan jarriko gara. Ematen den lehen urratsa izaten da banketxearekin negoziatzea. Baina horrek ez badu fruiturik ematen eta etxe kaleratzea badator, prozesu legala hasten da, eta horretarako elkarteko abokatuen laguntza jasoko lukete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak