Dani Maeztu: "Ezkerreko eta zentro-eskumako abertzaleen arteko lehia izango da"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko uztailaren 2a

Aralarrek Gasteizko Legebiltzarrean zeuzkan lau ordezkarietatik alderdian geratu den bakarra da Maeztu. Durangarra, abokatua, Ermuan bizi da. Aralarko krisiaz dihardu, Lopezen agintaldiaz, hauteskundeez. "Ideologia bako gobernua" irizten dio sozialistenari.

Aralartik botatako hiru legebiltzarkideek aktak utzi dituzte. Zela bizi izan duzu prozesu hau guztia?

Oso gogorra izan da, besteak beste, Aralar alderdi txikia delako, 11 urteko ibilbidea duen alderdi gaztea, gainera. Eta denok ezagutzen dugu oso ondo elkar. Gainera, denetik jasan behar izan dugu urte hauetan guztietan eta harremanak sendotu egin dira. Gauza bat da politika eta beste bat harreman pertsonalak. Baina oso zaila da ezberdintzea. Zauriak sendatuko dira eta arazoak konponduko ditugula uste dut.

Zela eragingo dio Aralarri honek guztiak?

Ezin jakin. Onerako ez da izan, jakina, eman dugun irudia ez delako ona izan. Alderdi ezberdina da gurea eta formetan-eta ez gara fin ibili. Argi daukat nondik etorri den krisia eta zerk sortu duen eta uste dut alderdiak koherentziaz jokatu duela. 2011n ezohiko kongresua egin zuen Aralarrek eta, han, alderdikideen %70ek erabaki genuen apustu estrategikoa: ezkerreko eta subiranotasunaren aldeko ziren alderdiekin indar metaketa egitea. Bagenekien erabaki horrek hainbat arazo sortuko zituela Aralarren barruan, iritzi ezberdinak zeudelako, baina ez genuen espero hala amaitzea eta ezadostasun horiek horren ageriko egitea. Desadostasunak eta ezberdintasunak beti egon dira Aralarren barruan; hori aberasgarria da. Baina erabiltzen duzunean alderdiaren kargua alderdiaren aurka egiteko, hori ez zait zilegi iruditzen. Hori izan da tristeena. 

Legebiltzarreko jarduna amaitu dela uste duzu ala udazkenean, oraindik, gogor etorriko zarete berriro?

Herri honek hauteskundeak behar ditu, argi eta garbi. Egoera ekonomikoarengatik eta politikoarengatik, batik bat. Iritzi politiko guztiak ordezkatuta egoteko aukera eskainiko duen Legebiltzarra behar dugu. Ahalik eta gobernu indartsuena ateratzeko Legebiltzar berri horretatik. Izan ere, alderdi sozialistak soilik jarraitzen du gobernuan norberaren interesengatik. Jarraitzea komeni zaiolako: PPk Espainian eta Bilduk Gipuzkoan, botoak gal dezaketela ikusten duelako. Izan ere, uste baitu gobernu kudeaketak kalte egingo diela alderdi horiei. Nahi dute luzatu agintaldia propaganda egiteko, horretarako, Legebiltzarra eta Jaurlaritza erabiliz. 

Asko espekulatu da hauteskundeak aurreratu egingo ote diren. Ze data darabilzue esku artean?

Urrian eta azaroan ez badira, eta nik uste dut ez direla izango, abenduan eta urtarrilean ez dira izango; hortaz, datorren urteko otsail edo martxora joango ginateke. Lopezen jarrera ikusita, nahiz eta errorea izan, uste dut 2013an izango direla hauteskundeak. 

Zela definituko zenuke Lopezen agintaldia?

Ideologia bako gobernua. Sozialista abizena daukan alderdi bat da PSE-EE, baina ez da ez sozialista eta ez ezer. Batean honen alde eta hurrengoan bestearen alde egiteko lotsarik ez du: PPrekin hasi eta PPren oposizio izaten amaituko du. Basagoitik eta PPren 13 botoek jarri zuten Lopez karguan. Zer ekarri digu gobernu horrek? Ezer gutxi, murrizketak bereziki. 

ETAko ustezko beste bi kide atxilotu dituzte Frantzian. Ze balorazio egiten duzu?

Justiziarekin karguren bat duen edonor atxilotu behar da. Ikusi beharko da errudun diren edo ez. Ze, badakit ze interesekin eta ze irakurketa politiko egiten diren kontu hauena. Batzuek nahiago dute iraganeko mezuak zabaldu, ez mugitu, lehengo diskurtsoan jarraitu, deseroso daudelako egoera berrian. Ez mugitzeko aitzakiak ere badira atxiloketa hauek. 

Presoen gaineko dokumental bati 9.000 euroko laguntza eman izanagatik, Bildu legez kanpo uzteko zantzuak ikusten dituela esan du Espainiako Barne ministroak. Bildu legez kanpo utz dezakete?

Harrigarria da, auzitegi Konstituzionalak Sortu legeztatu eta astebetera halakoak entzutea. Zalapartaka hasi diren horiek ez dute dokumentala ikusi. Eta oso larri da, ze agerian geratzen da intentzio politiko hutsarekin egiten direla. Batzuek erakusten dute, oraindik, demokrata zein den eta zein ez den erabakitzeko harropuzkeria.

Ezker abertzale ofizialak, Aralar, EA eta Alternatiba irentsi edo fagotizatu egin dituela dio hainbatek. Zer diozu?

Alderdi txikiok ekarpen handiak egin ditzakegu. Aralar, duela 11 urte sortu zenean, ze parametro politikotan jarduten zen ikusi eta gaur egun ezker abertzale osoa ze parametrotan dabilen ikustea garrantzitsua da. 

Aralar gustura dago koalizio horretan?

Bai. Arazoak ditugu, jakina. Eztabaidak. Bestalde, lau alderdi politiko gara eta kultura ezberdinetik gatoz, baina beti defendatu dugu ezkerreko eta burujabetzaren aldeko alerdien indar metaketa. Aukera ez soilik elektoral moduan, baizik eta epe luzeko estrategia moduan. 

Hauteskundeak begi bistan ditugu, aurreratu ala ez, eta lehendakarigaiak, programak, zerrendak… osatzen doaz apurka-apurka. Euskal Herria Bildurenak zela daude?

Laster, uztailean, aste pare bat barru, jakingo da gure lehendakarigaia. Baina gure mezua gainerako alderdien ezberdina da. Guretako ez da inportanteena aurpegi soil bat, hautagaia. Programa da inportanteena. Ez da samurra, eredu kapitalista globalizatu honetan, aukera sozio-ekonomiko sinesgarri berria eskaintzea. Proiektu hori aurrera ateratzeko pertsona taldea ere osatzen gabiltza.

Asteburuan argitaratu dute boto intentzioaren gaineko lehen inkesta. Horren arabera, Euskal Herria Bildu izango da bigarren indarra eta EAJ nagusi bost bat legebiltzarkideren aldearekin…

Oso zaila da inkesta horrekin bat etortzea. Batetik, inkesta delako eta, bestetik, Vocento taldearena delako. Edozelan ere, ikusten da abertzaleek gehiengo izango garela eta geure arteko lehia izango dela, ezkerreko eta zentro-eskumako abertzaleen artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak