Bi Entitateetako Kontseilu Errektoreek bere garaian hartutako erabaki nagusiak berretsi dituzte gaurko Batzarrek. Izan ere, erabaki horiek bat egiteko prozesua koordinatzeko sortu ziren lan-mahaien bidez gauzatu dira. Erabakirik azpimarragarrienak honako hauek dira:
- Entitate bateratuak jatorrizko bi entitateetako bazkide mota guztiak hartuko ditu barne: Euskadiko Kutxako egungo bazkideak eta Estatutuetan kooperatiba-loturaren inguruan xedatutako baldintzak betetzen dituzten bezero-bazkideak eta pertsona fisiko zein juridikoak.
- Egoitza Soziala Arrasaten egongo da. Ipar Kutxaren Bilboko egungo egoitza Txikizkako Bankuko Merkataritza Sarearen eta bere Negozio Batzordearen azpiegoitza operatiboa izango da. Dagokien Lurralde Zuzendaritza eta Negozio Batzordea ere bertan egongo dira. Era berean, Lagun Aro Aseguru Etxearen, Zorroen Sozietatearen eta Kudeatzaileen egungo egoitzek Bilbon jarraituko dute.
- Aldi batez, Kontseilu Errektoreak 15 kide izango ditu: 12 Euskadiko Kutxakoak eta 3 Ipar Kutxakoak. Bestalde, Euskadiko Kutxako egungo lehendakaria, Txomin Garcia, Entitateko lehendakari izendatzea erabaki dute.
Bat egin ondoren, bi Entitateetako lan-bazkideen edo langileen laneko eskubide eta betebeharrei bere horretan eutsiko zaie.
Euskal Herriko bigarren finantza entitatea
Kooperatiba bateratuak 25 mila milioi eurotik gorako aktiboak kudeatuko ditu guztira. Euskal Herriko bigarren finantza-entitatea eta Estatuko bigarren kreditu kooperatiba izango da. Bestalde, Bizkaian eta Araban bere posizioa nabarmen indartuko da. Bi Entitateek bat eginik abiaraziko duten proiektuari esker, merkatu-kuota garrantzitsuak lortuko dira EAEn eta Nafarroan. Kooperatiba berriak 750.000 bezero izango ditu EAEn, eta 110.000 baino gehiago Nafarroan. Euskadiko Kutxako sukurtsalak dituzten gainerako autonomia erkidegoak ere kontuan hartuta, 1.300.000 bezero izango ditu guztira.