Bainulekuak ume eta gaztetxoz bete dira

Leire Kortabarria 2012ko ekainaren 30a

Bainu denboraldia ezin hobeto hasi da bailaran; batetik, ume eta gaztetxoek eskolatik oporrak hartu dituzte, eta hori ondo igarri da; eta, bestetik, joan den astean egin duen sargori izugarria arintzeko gogoarekin zegoen jende askok ere bainulekuetara jo du.

Horrelako sei daude Debagoienean –Arrasaten, Musakolako kanpoko igerilekuak eta Udala auzoko Uxarte baserrikoak; Bergaran, Agorrosin ekintza guneko kanpoko igerilekuak; Oñatin, kiroldegiko igerileku estaliak eta Usakoko presa; eta Eskoriatzan, umeendako kanpoko igerilekua eta berdegunea, eta igerileku estaliak.

Bainurako eta eguzkitan egoteko ere, zenbait estilo eta giro izan dira. Hala, Bergarako Agorrosingo igerilekuak edo Usako ume eta gaztetxoz gainezka izan dira; Agorrosinen, astelehenean 2.254 sarrera izan zituzten, eta martitzenean, 2.070; jolas eta salto egiteko leku aproposenak, baina ez hainbeste lasai-lasai egon eta bainua modu erlaxatuan hartu gura zutenendako. Lasaitasun hori –eta bista ikusgarriak– Udala auzoan, Udalatxen oinean dagoen Uxarte jatetxe eta igerilekuan topatu zuten hainbat familiak.

Esaneko erabiltzaileak 

Bergarako Agorrosingo igerilekuan zebiltzan bainulariak zaintzen ibili zen Aitor soroslea. Haren esanetan, "buruko minak" ere ematen zizkion hainbeste jenderen segurtasunaren arduradun izateak: "Igartzen dugu, bai, ume eta gaztetxoek oporrak hartu dituztela; joan den astean lasai-lasai ibili ginen, eta oraingoan…", esaten zuen. Gaineratu duenez, soroslearen esanak lehenengoan betetzen ez dutenek ematen diote lan handiena eta horiekin dute sorosleek "betiko borroka". Hala ere, sorosle jardutea "esperientzia aberasgarria" dela ere onartu zuen.

Baina gaztetxo asko esanekoak dira eta, gurasoek ez ezik, eurek ere ondo ikusten dute bateren bat eurak zaintzen egotea; hala zioten Usakon bainatzen zebiltzan bi umek: "Aholkuak gure hobe beharrez ematen dizkigute". Eider Quintas soroslearen esanetan, Usakora joaten diren ume eta gaztetxoek "ondo dakizkite" arauak: nondik salto egin daitekeen eta nondik ez, adibidez, Usakon oso garrantzitsua dena: hala, giltzatik salto egitea librea da, baina ez da presatik bertatik salto egin behar, azpian harriak daudelako. Iaz, gazte batek kolpe handia hartu zuen buru-hezurrean.

Ume askok gurago dute Usako igerilekuak baino; hala esan ziguten, behintzat, joan den eguaztenean uretan gustura zebiltzan umeek. "Usako gurago dugu, ura fresko dagoelako", esan zuen neskatila batek. "Hasieran, oso hotz dago ura, baina gero, ez da hotzik igartzen", azaldu zuten. Hala ere, uretatik dardara baten irteten ziren bainulariak.

Sorosle zerbitzua dagoenetik, orain bost urte ezkero, gurasoek lasai uzten diete seme-alabei Oñatiko presara joaten, badakitelako zainduta egongo direla. Seme-alabekin joaten dira guraso asko ere; Oñatitik ez ezik, inguruko herrietatik ere bai. Hala, Aretxabaletako ama bat semeak konbentzituta joan zen Usakora seme-alabekin: "Semeak esaten zidan Usako oso ondo dagoela, joan egin behar genuela… eta hementxe gaude. Umeekin nonbaiten pasatu behar da arratsaldea", esaten zuen, presa ertzean jesarrita oinak freskatzen zituen bitartean. 

Arrasateko lehenak 

Askok jakingo ez duten arren, Udala auzoko Uxarte baserrikoak dira Arrasaten izan ziren lehenengo igerilekuak. Hango alaba Maite Uribarrenek azaltzen duen moduan, aitaita-amamek "bisio hori" izan zuten eta igerilekuak zabaldu zituzten herri osoarendako. 

Gaur egun ere jende dezente erakartzen jarraitzen dute. Egun osoko sarreraren truke, eguzkitan etzan edo bazkaldu, bistez eta altuera hartako giroaz gozatu eta bainua har daiteke. Hango igerilekuetara batik bat 20 eta 40 urte arteko jendea joaten da, egun-pasa egitera. Gehienak "finkoak" direla esaten du Uribarrenek: "Behin etorri, gustatu eta urtero etortzen dira", esaten du.

Ekainean, 31.290 bisitari 

Arabako Uribarri Ganboako natura-ingurunera joan dira hainbat debagoiendar, joan den zapatuan han ere bainu denboraldia hasi zenetik. Hain zuzen, ekainaren 1etik 24ra bitartean, Garaio, Landa eta Mendixurrera 10.430 ibilgailu eta 31.290 bisitari kontabilizatu ditu Arabako Foru Aldundiak, eta 190 bizikleta alokatzen eman ditu bitarte horretan.

-----------------

Udako lehen bainuak

Ainhoa Alonso: "Askotan etortzen naiz igerilekura, amatxorekin. 2 metro hartzen ditu igerilekuak, baina hor ere sartzen naiz; ez dit beldurrik ematen".

Iñaki Azkunaga: "Hasieran, ura pixka bat hotza egoten da, baina gero ohitu egiten naiz eta oso gustura ibiltzen naiz uretan".

Oier Azkunaga: "Bainatzera etortzen naiz igerilekura. Izozkia ere jaten dut. Jende gutxi dagoenean hobeto ibiltzen naiz. Gustura etortzen naiz".

-----------------

Jendetzaren ondorio txarrak

Astelehenean eta martitzenean, bakoitzean, 2.000 sarreratik gora izan ziren Bergarako Agorrosinen. Horietatik asko igerilekura eta berdegunera joan zen jendeari zegokion. Bada, eguazten goizean, zelaian zabor piloa eta orain hilabete gutxi ipini zuten hesia apurtuta topatu zuten arduradunek. Udaleko Kirol teknikariak, Iñaki Ugarteburuk, erabiltzaileen "laguntza" eta Agorrosingo langileenganako "errespetua" eskatu du.

-----------------

Ingurune pribilegiatua

Garaio, Landa eta Mendixurrera debagoiendar asko joaten da udan. Bada, Arabako Foru Aldundiak azpimarratzen du Garaio ez dela soilik bainua hartzeko lekua, baizik eta Komunitate-Garrantziako Lekua (LIC) eta ingurumen balio handiko lekua. Hala, Garaio eta Landa arteko Ibilbide Berdeak arrakasta handia du: ekainaren 16tik 26ra, dagoeneko 7.800 erabiltzaile izan ditu, urtearen lehen erdian kopuruaren %9, dagoeneko.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak