Oporretan segurtasun neurriak areagotzea aholkatu du Ertzaintzak

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko ekainaren 29a

Udan lapurreta-kopurua areagotu ez dadin egiten dute aholku hori. Horretarako, zenbait gomendio egin dituzte, eta aholku praktikoak ere eman, hutsik geratzen diren etxebizitzen segurtasuna indartzeko. Horrez gain, udatiarren segurtasunerako aholkuak ere eman dituzte, bidaietan kontuan har ditzaten: errepiderako, geltokietarako eta aireporturako aholkuak, bai eta opor-destinoetarako ere, hotelei, hondartzei eta abarri buruzko gomendioekin.

Etxebizitzetako lapurretak prebenitzea

Oporretan goazenean hutsik uzten dugun etxebizitzan lapurretarik egin ez dezaten gomendioen artean, hauek eman dituzte:

  • Atea beti giltzarekin itxi, plastikozko txartela, erradiografia edo antzeko objekturen bat erabilita sar ez daitezen.
  • Oporretako datak ez esan publikoki.
  • Etxebizitzan jendea dagoenaren itxura eman (norbaitek korrespondentzia har dezala, telefono finkoa mugikorrera desbideratu eta erantzungailu automatikoa deskonektatu, pertsiana batzuk erdi zabalik utzi, edo etxetresna elektrikoren bat edo lanpara bat tenporizadore batera konektatu, aldizka piztu daitezen).
  • Baliozko objektuak babestuta eta identifikatuta izan (etxebizitzan ez utzi ez bitxirik, ez eta baliozko beste objekturik ere; guztiei argazkia atera eta marka, modeloa eta serie-zenbakia idatzi, lapurtzen badituzte identifikatu ahal izateko).
  • Itzultzean ikusten bada lapurreta egon dela, ez sartu etxera Ertzaintza iritsi arte. Etxera sartu behar baduzu, ez ukitu lapurrek manipulatu dituzten objektuak.

Prebentzioa bidaian                         

Bidaia planifikatu ostean, oinarrizko gomendio batzuk hartu behar dira kontuan, geltokietan eta aireportuetan zein errepidean:

  • Dirua eta agiri pertsonalak banatuta eraman.
  • Ez eraman diru-kopuru handirik.
  • Larrialdietarako diru-kopuru bat bereizi eta leku seguruan gorde.
  • Aireportuetan eta geltokietan, ez galdu bistatik zure gauzak, eta, fakturatzen ari zarenean, jarri arreta zure inguruan dauden pertsonengan. Ez eraman beste pertsona batzuen gauza pertsonalik, oparirik edo paketerik, eta ez fakturatu beste pertsona batzuen ekipajerik.
  • Errepidean, atseden hartzeko, ez joan jende gutxi dagoen lekuetara. Ibilgailuetan, ez utzi agerian baliozko objekturik. Beste gidari batzuek ibilgailua geratzeko seinaleak egiten badizkizute, arreta handiz ibili, eta, geratzen bazara, kontu berezia izan.

Prebentzioa opor-destinoetan

  • Ibilgailua hotelaren edo apartamentuaren ondoan aparkatu, ahal bada jendea dabilen lekuetan.
  • Objektu pertsonalak kontrolpean izan, eta baliozko gauzak hoteleko kutxa gotorrean gorde.
  • Hondartzetan, igerilekuetan edo aisialdirako tokietan zure objektu pertsonalak kontrolpean izan uneoro, eta ez utzi pertsona ezezagunen eskuetan.
  • Pertsona ugari pilatzen den lekuetan arreta berezia izan, ebasketak saihesteko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak