PSE-EE: "Aldundiaren proposamenarekin, gipuzkoarrek berdin-berdin jarraituko dute ordaintzen"

Irati Goitia 2012ko eka. 28a, 20:07

Alderdi sozialistak dio Foru Aldundiak autobideen ordainketaren gainean egin duen proposamenarekin, gipuzkoarrek "berdin-berdin" jarraituko dutela ordaintzen, "euren diru-sarrerak edozein izanda ere". Eta gaineratu du atzerriko kamioilariak "ordaindu gabe" pasako direla. Hilero 25 euro ordaintzearen neurria "bidegabea eta insolidarioa" iruditzen zaio PSE-EEri, lehen balorazioan. Hala ere, proposamena aztertuko dutela adierazi du.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako PSE-EEko bozeramaile Rafaela Romerok azaldu du neurri horrek ez dituela aintzat hartzen "justizia sozialeko irizpideak, ezta lurralde kohesioko ikuspegia ere": "Proposamen honekin denok ordaintzen dugu eta uste dugu ez duela kontuan hartzen erabiltzaile bakoitzak duen gaitasun ekonomikoa". Eta beraz, "Foru Ogasunak defendatzen duen 'gehien duenak gehiago ordaindu behar du' filosofiarekin kontraesankorra" dela gaineratu du.

Horren harira, Romerok azaldu du: "Gipuzkoako iturginak A-8 eta A-1 errepideak erabiltzeagatik ordaintzen duen bitartean, kamioilari alemaniarra ordaindu gabe igarotzen da gure lurraldetik".

Ordezkari sozialistarentzako, Bilduren proposamenak "hauteskunde estrategia" du eta, hala, "ez da ekimen serioa eta ez du irtenbiderik ematen".

Ugarteren moldeak "ezegokiak"

Bestalde, Romerok Larraitz Ugartek Diputazioaren proposamena aurkezterako orduan erabili dituen moldeak kritikatu ditu. Bere iritziz, "azpikeriaz eta fede txarrez egindakoa da, Gipuzkoako Batzar Nagusien ezjakintasunean eta informazioa eskatzeko denbora gabe". Sozialistak gaineratu du proposamena prentsaurreko batean aurkeztea eta ez ponentzian eta Batzar Nagusietan "errespetu falta" iruditzen zaiola. "Ugarteren erruz", urtebete "alferrik galdu" dutela ere adierazi du, denbora guzti honetan Ugartek "ez duelako proposamen sendorik" egin. Eta esan du "babesgabetasun egoeran" daudela Bilduko eta alderdi popularreko kide ez diren batzarkideak.

Hala, adierazi du Aldundiaren proposamenaren atzean, Bilduren eta alderdi popularraren ezkutuko itun bat dagoela, "Basagoiti eta Permachen arteko argazkia ekidin nahi dutelako", eta gaineratu du: "Koalizio independentistak eta PPk Batzar Nagusietako boto emate eta proposamenetan era bateratuan dihardute, ezkutuan; horren lekuko izan gara".

Gogor kritikatu du Larraitz Ugarte: "Batzar Nagusien historian ez da inoiz egon elkarrizketatik eta akordiotik hain urrun dagoen diputaturik. Liskar, iskanbila edo inposaketa bat dagoen tokian, hor dago bera ere, eta diputatu ez ezik foru bozeramailea ere bada". Horri gehitu dio Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatua den arren, Mugikortasunaren alorra "alde batera utzi" duela, ez duelako egin gai horrekin eta garraio publikoarekin lotutako inolako proposamenik, bere esanetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak